2020-12-15 16:14
Sindikatuek iragarri dutenez, Osakidetzak planteatutako aldarrikapenei erantzuteko eta osasun sistema publikoaren egiturazko arazo larriei irtenbidea emateko erakutsi duen borondate eza ikusita, mobilizazio dinamika bat jarriko dute abian, bihar, abenduak 16, hiru hiriburuak zeharkatuko dituen auto karabana batekin, eta urtarrilaren 28an greba egingo dute.

SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK-k mobilizazio gehiago iragarri dituzte Osakidetzan, eta urtarrilaren 28an greba egingo dute. Osasun sistema publikoak dituen egiturazko arazoak salatu dituzte, baita Osakidetzaren eta Osasun Sailaren "negoziatzeko borondate eza" ere. Osasun Arloko Mahai Sektoriala edukirik gabeko foro bihurtu dela esan dute, bertan ez dela ezer negoziatzen eta Osakidetzak bere intereserako erabiltzen duela. Hala, bihar, abenduak 16, hasiko den mobilizazioen dinamika iragarri dute, EAEko hiru hiriburuak zeharkatuko dituen auto karabana batekin. Mobilizazioak abenduko asteazkenetan eta urtarrileko ostegunetan izango dira, eta urtarrilaren 28an greba egingo dute.

Sindikatuek urteak daramatzate osasun sistema publikoak dituen egiturazko arazoak eta Osakidetzaren eta Osasun Sailaren "negoziatzeko borondate eza" salatzen. "Sindikatuek, eta ondorioz, langileek ez daukate inongo aitortzarik euskal Administrazio Publikoko enpresarik handienean", deitoratu dute. Azaldu dutenez, Mahai Sektoriala bost hilabete baino gehiagoz bildu gabe egon ondoren, azaroaren 26an eta abenduaren 10ean egindako bilerek "Osakidetzak osasun publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei behingoz heltzeko eta konpontzeko borondaterik ez" duela egiaztatu dute. "Gabezia horiek urrunetik datoz eta pandemiak larriagotu egin ditu", laburbildu dute.

"Are gehiago, COVID-19ren lehen olatutik 8 hilabete igaro direnean, Osakidetzak argi eta garbi planteatu du pandemiari aurre egiteko plan bakar gisa langileak estutzen jarraitzeko asmoa", azpimarratu dute.

Osakidetza lan-harremanetan noraezean sartu dela eta, besteak beste, lan-baldintzei, enpleguari eta lan-prekarietateari, edo langileen segurtasuna eta osasuna babesteari buruzko alde bakarreko erabakiak judizializatzen dituela adierazi dute. "Inposaketen eta konponbiderik ezaren aurrean mobilizatzera garamatza. Denbora asko daramagu informatuak izateko, entzunak izateko eta negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatu gabe".

Bizi dugun egoera larria ikusita, eta Osakidetzako Zuzendaritzak berak sindikatuak Osasuneko sailburuarengana bidali dituenez bere aldarrikapen batzuk bere eskumenekoak ez direla argudiatuta, premiazko bilera bat eskatu dute sailburuarekin.

Osasuneko sailburuak hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta, jendaurrean egin dituen borondate oneko adierazpenetatik harago, Osakidetzak behar dituen premiazko eta sakoneko konponbideak abian jar ditzala eskatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.