2019-11-20 17:34
Mikel Noval ELAko Ikerketa Bulegoko arduradunaren hitzetan Ondasunaren zerga eta Oinordetza eta Dohaintzen zerga kentzea lapurreta litzateke.Proposamenen honekin, gehien daukatenei mesedea egin nahi diete Aldundiek. Novalen iritziz fiskalitatea ezin da alde batera utzi Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren inguruko eztabaidan, Ahal Dugu-Podemosi erreferentzia eginez.

Bizkaiko eta Arabako Diputatu nagusiak (Unai Rementeria eta Ramiro Gonzalez) norgehiagoka betean daude, ea nork eskaintzen dizkien kapital handiei baldintzarik onenak. Eta aditzera eman dute Oinordetza zerga eta Ondasunaren zerga kentzeko prest daudela. 2018An EAEn zerga horiekin 317 milioi euro bildu zen (185 Ondare edo Fortuna Handien zerga medio eta 132, Oinordetza eta Dohaintzen zergarekin).

ELAren iritziz proposamena zehaztu gabea bada ere, argi dago gehien daukatenei mesedea egin nahi dietela. Ondarearen gaineko zerga 18.000 herritarrek baino ez dute ordaintzen. Kendu nahia ez da berria. Areago, 2009an kendu zuten eta 2012an berriz ezarri, arautegia Araban eta Bizkaian Gipuzkoan baino arinagoa zelarik. Gaur egun biltzen den diru kopurua, 185 milioi, 2008ko antzekoa da (181 milioi), baina oraingo fortuna handiek metatutako aberastasuna duela 10 urte baino azkoz handiagoa da. Lurraldeka, Gipuzkoan 2008an baino dezente gehiago biltzen da, eta Bizkaian askoz gutxiago.

Mikel Noval ELAko Ikerketa bulegoko arduradunaren ustez benetan larria da zerga hauek kendu nahi izatea, bi arrazoirengatik:

  • Lehena ereduari dagokio. Bizkaiko eta Arabako Diputatu nagusiek Esperanza Aguirreren izpiritua bera berpiztu nahi dute: Aberatsenen alde jokatzen dute, inolako lotsarik gabe. Argi dago pozik daudela desberdintasunen hazkundearekin.
  • Bigarrena, zerga bidez diru gehiago bildu behar dela, ez gutxiago. Deigarria da zer nolako erraztasunez proposatzen diren neurriak, 317 milioi gutxiago sartzea eragingo dutenak (Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzarako bideratzen duena baino 3 bider gehiago, edo ia DSBEaren kostua).

Azkenik, ELAko arduradunak esan du lotura zuzena dagoela fiskalitatearen eta aurrekontu politikaren artean. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua 2019an aurkeztu zenaren kopia da, eta beraz, hura bezain neoliberala. Podemosi buruz esan du "inongo indar progresistak ezin du edukien baitan zuritu aurrekontuen eztabaidan posizio aldaketa, eta ez da onargarria baztertzea zerga-politika zeharo aldatzeko eskaria, errenta altuei, enpresei eta kapitalari zergak gehitu behar baitzaizkie”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.