2019-09-09 10:31
Mikel Noval ELAko azterketa arduradunak, “PSOEren proposamenek ez dute inola ere lan erreformarik indargabetuko, eta ez dago konpromisorik Gutxieneko Soldata behar bezala hobetzeko edota pentsio miserableak amaiarazteko”.

ELAren iritziz, deigarria da hedabide gehienetan zein zorroztasun gutxi dagoen Pedro Sanchezen alderdiak plazaratutako proposamenak aztertzerakoan: “Propaganda da nagusi, ez errealitatea”. Izan ere, esan izan da PSOEk Rajoyren lan erreformaren punturik kaltegarrienak indargabetu nahi dituela (hau ere inondik ere nahikoa izango ez litzatekeen arren), baina hori guztiz faltsua da.

PSOEren agiriak hitzez hitz honakoa esaten du:

  • 2012ko lan erreformaz: “Eragile sozialekiko elkarrizketaren baitan urgentziaz analizatuko dugu 2012ko lan erreformaren alderik kaltegarrienetan aldaketak ezartzea komeni ote den”.

  • Gutxienezko Soldataz: “LGS egokitzen jarraituko dugu, mailaka eta elkarrizketa sozialean adostuta...”.

  • Gizarte Segurantzaz: “Gizarte Segurantzaren Sistema egokitu, elkarrizketa sozialaren baitan eta Toledoko Itunaren markoan”.

Beraz, argi dago, Novalek nabarmentzen duen legez, “PSOEk beto eskubidea ematen diola patronalari lan erreformen puntu batzutan atzera egiteko (hauek oso mugatuak badira ere), LGS igotzeko (gogoratu beharra dago elkarrizketa sozialean patronalek, CCOOk eta UGTk LGSaren igoera askoz murritzagoa onartu zutela Gobernuak 2019rako erabaki zuena baino, eta hura baldintza jakin batzuren menpe zegoela), nahiz pentsioen eros-ahalmena edota Jasangarritasun Faktorea bertan behera uzteko”.

Azkenik, ELAko arduradunak adierazi duenez, “PSOEren proposamenetan ez dago aipamen bat ere euskal eremuko negoziazio kolektiboan adostutakoa errespetatzeaz”.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.