2020-05-28 10:21
ELAk maiatzaren 29an Etxerat-en ohiko elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin du. Gogora ekarri du alarma egoerak eta pandemiak larriagotu egin dutela euskal presoen egoera.

ELAren ustez, presoak hurbiltzea beharrezkoa izateaz batera, egingarria ere bada egungo legediaren baitan; beraz, maiatzaren 29an, ostirala, Etxerat-en ohiko elkarretaratzeetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Sindikatuak adierazi duenez, Etxerat-ek gogorarazi bezala, osasun krisiaren aurreko egoera larria zen jada euskal presoentzat: 17k gaixotasun larriak dituzte; beste hainbatek 65 urtetik gora dituzte; espetxeratuen % 80 beren ingurunetik 400 eta 1.000 kilometro arteko espetxeetan daude; eta 200 presoen % 75 baino gehiago lehen graduan daude.

Orain, alarma-egoerak eta pandemiak guztien egoera are gehiago okertu dute. Bisitak debekatzen dira (badira gurasoak duela hiru hilabete baino gehiagotik ikusten ez dituzten haurrak), eta presoentzat urruntzea eta isolamendu gehigarria dakarte gaixotasunaren hedapena saihesteko harresi barruan hartzen diren neurriek.

ELAk uste du beharrezkoa, premiazkoa eta posible dela salbuespen-politikak bertan behera uztea. "Dagoeneko, legearen esparruan ere, posible da pertsona horiek Euskal Herrira ekartzea; gaixotasun larriak dituztenak eta 65 urtetik gorakoak kartzelatik ateratzea; bisita-erregimenak behar bezala berreskuratzea eta graduen progresioa irekitzea. Gainera, premiazkoa eta beharrezkoa da ", gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, ELAk maiatzaren 29an, ostiralean, herrietan egingo diren ekimenetan parte hartzeko eta mobilizatzeko deia egin die bere militanteei.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.