2020-11-03 15:39
ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE nahi dute pandemiaren bilakaeraren ondorioz, osasun-zentroetan eta ospitaleetan bizi den egoera egunetik egunera larriagotzen doan bitartean, Osasun Sailak ez digula dei bakar bat ere egin, ezta neurri bakar bat ere jarri mahai gainean Osakidetzak pairatzen dituen egiturazko arazo larriak arintzeko; izan ere, gabezia horiek larriagotu egin dira egungo osasun-krisiarekin. Osakidetzako langileak Arabako eta Bizkaiko zentroetako atarietan kontzentratzera deituta daude biharko: goizeko 11etan ospitaleetan eta 13etan lehen arretako osasun-zentroetan. Halaber, ostegun honetan, azaroaren 5ean, Gipuzkoako Osakidetzako langileek 24 orduko greba egingo dute.

Sindikatuen oharra:

Deialdia egin dugun sindikatuok plantillaren egoera kezkagarria salatu nahi dugu. Egoera hori egunetik egunera larriagotu egiten da pandemiaren bilakaeraren ondorioz eta horren ondorioak, langileek ezezik, herritarrek ere jasaten dituzte. Argi eta garbi esan dezakegu, lehen konfinamendua igaro ondoren, Osakidetzak ez duela plangintza egokirik martxan jarri, ezta birusaren balizko berragerraldiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere. Gogoratu behar da, birusa agertu aurretik, lan gainkarga sistematikoa zegoela Osakidetzan.

Gaur egungo egoeran, lana modu esponentzialean biderkatu da (PCRak, baheketa masiboak, ospitaleratzeen gorakada, lehen arretako telefono bidezko arreta, gripearen txertaketa masiboa, lan arruntaren eta ohiko programazioaren pilaketa apirileko etenaldiaren ondorioz, etab.) eta inoiz baino beharrezkoagoak dira iristen ez diren errefortzu horiek.

Aurreikuspen faltaren adibide on bat da aztarnarien taldea indartzen ari dela orain, birusaren hedapena berriz ere kontrolik gabe geratu denean. Gainera, kasu askotan, langile horiek lehen arretatik atera dira eta ez dira ordezkatu jatorrizko lanpostu horietan, beraien lankideen lan-karga handitu delarik.

Osasun Sailak egiten dituen propaganda-ariketez haratago (azkena atzo bertan), errealitatea tematia da. Eusko Jaurlaritzak dio gure osasun sistema ez dagoela gainezka eta kolapsatuta, eta 3.000 langile gehiagorekin indartu duela. Baina lehen arretako osasun-zentroetara joaten diren herritarrek ez daukate zalantzarik erabat gainezka dagoela eta egoera okerrera doala. Gauza bera esan dezakegu gainerako arreta-mailei buruz, lan-karga eta presioa gero eta handiagoak baitira. Profesionalek beren lanaldiak sistematikoki luzatu behar izaten dituzte, atsedenei uko egin, txandak bikoiztu, egunero lan-karga jasanezinak jasan, eta abar.

Urteak daramatzagu salatzen Osakidetzako plantillaren dimentsioak ez diela arreta-beharrei erantzuten, eta horrek lan-gainkarga sistematikoa eragiten duela. Eta horretan oinarrituta, egiturazko plantillan 5.000 plaza formalki sortzea eskatu dugu behin eta berriz.

Argi dago pandemiaren etorrerarekin, plantilla handitzeko premia hori ugaldu egin dela. Gauza batean ados gaude Osasun Sailburuarekin, Osakidetzan lana aurrera ateratzen da, baina ez da, hain zuzen, sistema indartu delako, baizik eta langileen inplikazio eta ahaleginagatik; izan ere, plantilla akituta dago, lehen olatuari oso egoera larrian aurre egin ondoren, eta borondate ona izan arren, lagileak ez dira denera iristen.

Egoera larria izanik, eta joan den astean Araban egindako greba-deialdia arrakastatsua izan ondoren, Osasun Sailak ez du inolako elkarrizketarik izan sindikatuokin. Neurri batzuen berri izan dugu komunikabideen bitartez, eta, zalantzarik gabe, fede-egintza bat egin behar dugu Eusko Jaurlaritzak plantillei eta beste gai batzuei buruz publikoki eskaintzen dituen datuekin; izan ere, ohikoa denez, erabateko iluntasuna eta informazio falta dago. Era berean, ez dago negoziaziorik mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenen inguruan, eta ez da neurri bakar bat ere planteatu urrutitik datozen egiturazko arazoei irtenbidea emateko.

Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea eta osasun publikoaren etorkizuna bermatuko duten eta profesionalak errespetatuko dituzten irtenbideak martxan jartzea. Nahikoa da gezurrez, hitz onez eta manipulazioez. Benetako konponbideak nahi ditugu.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diegu langileei biharko Bizkaian eta Araban deitutako elkarretaratzeekin eta ostegun honetarako Gipuzkoan deitutako 24 orduko grebarekin masiboki bat egiteko. Gure osasun publikoaren etorkizuna dago jokoan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.