2018-10-24 13:37
ELA sindikatuaren ordezkaritzak parte hartu du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean, Euskadiko Polizia Legearen bostgarren aldaketari buruz bere iritzia emateko. ELAko ordezkariek salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez duela inolako borondaterik izan, testua sindikatuen ordezkaritzarekin negoziatzeko.

Aurkezturiko testua urruti dago ELAk sustatzen duen polizia-eredutik. Nahi duen polizia-eredua zibila eta demokratikoa da, hurbila eta herritarrak babestea xede duena, gardena eta botere publikoen zaintzapekoa. Banakoen eta kolektibitatearen berme eta eskubideekiko sentibera eta adeitsua. Alderdi politikoen manipulaziotik lokabea eta askea, euskalduna, behar bezala prestatua (balore demokratikoetan, kontzientzia sozialean, giza eskubideetan), lan-baldintza duinak eta negoziazio kolektiborako eskubidea bermaturik izango dituena.

Lan-baldintzei gagozkiolarik, ELAk lan-baldintza duinen aldeko apustua egiten du bere polizia-ereduan. Esparru bakoitzeko negoziazio kolektiboa onartuz (arau demokratikoak errespetatzea, eta baita sinatutako akordioak ere, aldebakarreko erabakirik edo esku-sartzerik gabe), kontratazio prekariorik egin gabe (behin-behinekorik ez egiturazko postuetan), lan-baldintza prekariorik gabe (mugikortasun geografikoa eta funtzionala), eta alguazilak oinarrizko eskalako agenteekin ondorio guztietarako parekatuz, baliokidetzarako epeak eta prozedurak ezarriz. Ez oraingo legeak, ez bostgarren aldaketak ez dute bermatzen negoziazio kolektiborako eskubidea, eta aldiz atea zabal-zabalik utzi zaio egiturazko behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilerari, egonkortze-prozesurik inola bermatu barik. Halaber, mugikortasun geografiko eta funtzionalari eutsi diote, eta ez dute arautu udaltzainetan ez bigarren jarduera ezta erretiro-eskubidea ere.

Emakumeen aldeko ekintza positiboak abiarazteari buruz, gaurko egunera arte asmo hori ez da inondik inora gauzatu lan-errealitatean ez eguneroko jardunean. Hori argi eta garbi ikusi ahal izan dugu “lehen mailako agentea” hautatzeko prozeduran, non diskriminazio-zantzu argiak antzeman diren emakume haurdunekiko eta baita erditu aurreko eta osteko kasuetan ere.

Euskalduntzea dela-eta, zioen adierazpenean esandakoaz haratago, ez oraingo legean, ez bostgarren aldaketan, ez eguneroko praxian ez da apusturik egin euskalduntzearen alde.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.