2018-02-20 11:30

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurka garatuko duen Legegintzako Herri Ekimena aurkeztu du. Ekimen honek hainbat neurri zehatz jasotzen ditu; helburua bermatutako gutxieneko diru-sarreren politikak hobetzea eta etxebizitza duin baterako eskubidea izatea da. Mikel Novalek azpimarratu du bi arazo hauek –etxebizitza duin batera ezin heltzea eta gutxieneko diru-sarrerarik ez izatea– gero eta kolektibo gehiagoren artean zabalduta dagoen arazo larria dela.

“Euskal Herriko erakundeek badituzte gai hauen inguruan herritarrak babestuko dituzten politikak garatzeko eskumenak. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak erakundeei exijitzen die gehiengoaren bizi kalitatea hobetzeko neurrien esanetara jarri daitezela. Soilik borondate politikoa behar da horretarako”.

Legegintzako Herri Ekimena Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako Parlamentuetan aurkeztuko da. Ekimenak Eusko Legebiltzarrean aurrera egin ahal izateko gutxienez 10.000 sinadura behar dira; Nafarroan, berriz, hauteskunde erroldaren %1a, hots, 5.000 sinadura inguru. Parlamentu hauen mahaien tramiteak gaindituta, ekimena apirila eta ekaina bitartean garatzea da helburua.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.