2019-04-05 11:11
Adolfo bere amak bakarrik deitu ohi dio. Guztiok Txiki (Adolfo Muñoz Sanz, Mañueta, 1959) ezizenez ezagutzen dugun ELAko militantea egungo Gasteizko Cegasa lantegian hasi zen oso gaztetan. Frankismoaren amaierako garaiak ziren eta Cegasak Tximist izeneko pilak ezagunak ekoizten zituen. 1974an bere babesean Everestera lehen euskal espedizio sonatua egin zen. Gailurretik metro gutxira geratu zen, baina lorpen bat bezala bizi izan zen garai hartako egoera politiko eta sozial zailean.

Bi urte geroago, 1976an, Martxoaren 3koa gertatu zen. Poliziak bost langile hil zituen, eta horrek garrantzi aparta izango zuen berarentzat. Horregatik, Txiki Gasteizko arduradun izendatu zutenean bere helburuetariko bat izan zen ELA parte izatea Martxoaren 3ko gertakariak gogoratzeko manifestazio eta ekitaldietan.

Bi muturreko gertakari horiek balio dezakete orduko giro sozialera inguratzeko. Giro nahasi horretan, ELAk ez zuen egiturarik; are gutxiago militanterik. Inor ELAkoa zela aitortzea ez zegoen ondo ikusita zirkulu progresistetan. Txikik bere lantegian zerrenda osatu zuen, baita ELAk ordezkaritza lortu ere. Hasi berria izan arren, sindikatua sasitik atera zeneko Eubako Kongresura (1976) joatea egokitu zitzaion ordezkari gisa.

Bere militantzia metalean hasi zuen, baina urte gutxira liberatu zuen sindikatuak. Joxe Elorrieta idazkari nagusiak hori planteatu zionean, bera heterodoxo xamarra zela aitortu zion Txikik, eta ea ondo pentsatu zuten galdegin zion. Gaztea izan arren eskarmentua bazuen. Hamalau urtez Gasteizko Cegasa lantegian jardun ondoren, 1989an sindikatuko liberatu gisa hasi zen lanean. Bere bizitzako kapitulu berri bati ekin zion horrela. Bien bitartean, ordu txikitan ikasten jarraitu zuen eta Graduatu Soziala lortu zuen; urte batzuen buruan, berriz, zuzenbide lizentziatura.

Lehen urteak zerbitzu publikoetako federazioan igaro zituen. Arcepaferen aldeko mobilizazioak bultzatu zituen eta Jose Angel Cuerda Gasteizko alkatearekin eztabaida gogorrak izan zituen. Osakidetzarako Enplegu Publikoaren Eskaintzan 1997an gertatu zen iruzurra salatzerakoan bere papera erabakigarria izan zen. Alderdi sozialistaren menpe zegoen Osakidetza, eta ehunka militante atzeko atetik sartzen saiatu zen, baina ELAren salaketak iruzurra agerian utzi zuen eta epaileek PSEko arduradun batzuk zigortu zituzten.

Ondoren etorri zen Gasteizko eskualdearen ardura, eta horrekin batera Ariznabarrako zahar-etxeko greba luzea. Hiru urteko grebari amaiera emango zion akordioaren negoziazioan parte hartu zuen. 2007. urtea zen, eta metaleko federaziotik igaro ondoren idazkari nagusiaren alboko izendatu zuten. Handik urtebetera idazkari nagusia izendatu zuen Kongresuak. Idazkari nagusi zela eman zuen lehenengo hitzaldian militantziaren garrantzia goraipatu zuen: “Sindikatuaren altxorra da, eta zaindu egin behar dugu”. Hori izan da hamar urteotan bere helburuetako bat. Horrekin batera, bere ardura nagusietakoak izan dira klase borroka eta Euskal Herriaren askatasuna.

Eusko Jaurlaritzaren aurkako kritikak sonatuak izan dira: “Agintari arduragabeak daude gobernuetan”, zioen 2010ko manifestazio batean Ajuria Enea aurrean. Behin baino gehiagotan aitortu zuen politikoak ez direla gai kapitalaren nahikeriei ezetz esateko. ELAren aurkako erabaki demokratikoak ere maiz salatu ditu, eta gobernuari egotzi dio gehiengo sindikala zokoratu nahi izatea.

Txiki gauzak argi esaten saiatu da; sindikatuari ongi ulertu behar zaiola dio. Sinetsita dago horrek abantailak besterik ez dituela ekartzen. Adierazpen likidoak, hau da, modu askotara uler daitezkeenak, ez ditu gustukoak, eta ez dio beldurrik eztabaidari. Txikirentzat garrantzizkoa da denok gauzak ongi ulertzea. Komunikabideek ez dute laguntzen sindikatuaren errelatoa eta iritzia plazaratzen eta aukerak ez dira galdu behar diskurtso ulergaitzekin. Bere asmoa izan da langileon arazoak gizartearen testuinguru orokorrean kokatzea.

Radio Euskadiko esatari ezagun batek El profesor ezizena jarri zion bere adierazpenak datuekin azpimarratzen dituelako. Txikirentzat datuak eta azterketak ezinbestekoak dira diskurtsoa osatzeko orduan, eta bere eskutatik pasatzen den guztia saiatzen da irakurtzen datu berrien peskizan, esaten duena sinesgarria izan dadin.

Azkenik, aipagarria da euskararekiko konpromisoa. Oso gazterik hasi zen ikasten eta azken urteetan horretan murgildu da buru-belarri. Euskararen erabilera sindikatuaren egunerokoan bizimoduan txertatzeko xedean bere ahalegina handia izan da.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.