2018-12-14 12:19
ELAren aburuz jendartea mobilizatzea ezinbestekoa da pentsioak hobetuko badira. Beraz, bere militanteei dei egiten die bihar Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzera. Sindikatuak gogoratu du pentsio duinagoak behar ditugula; horren arabera, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan behar da; zenbateko hau Europako Karta Sozialak ezarritako irizpideen ondorio da.

Bestalde, ELAk pentsio-sistema publikoa sendotzea exijitzen du. Plan osagarri edo pribatuak ez dira sistema publikoaren alternatiba. Gure borrokaren helburuak dira pentsio-sistema publikoaren estaldura hobetzea eta azken hamarraldietan ezarri diren murrizketak bertan behera geratzea; hauek pentsio berriak murriztu, erretiro adina atzeratu eta eros-ahalmena higatu dute. Hau da lehentasuna, batik bat kontutan izanik zer nolako pentsio kaskarrak eta pobrezia pairatzen duten sektore apalenek, esaterako emakume pentsiodunek.

Azkenik, pentsioak berton erabaki behar dira. Gizarte-Segurantzako politikei buruzko benetako erabakimena behar dugu. Kudeaketa eskuratzeak ez du egungo pentsio-ereduaren arazorik konponduko, are gutxiago Eusko Jaurlaritza osatzerakoan EAJk eta PSE-EE-PSOEk adostu zuten modu partzial eta baldintzatuan gauzatuz gero.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.