2022-12-01 10:16
Legeak langile publikoak gobernuaren eta kapital pribatuaren interesen menpe jartzea bilatzen du. Testua Patxi Lopezen Gobernuak idatzi zuen, Gobernuko alderdien babesa baino ez du lortu eta sindikatu guztiek gaitzesten dute.

Ostegun honetan onartu da Eusko Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea. Legeak EAJ eta PSE alderdien aldeko botoa baino ez du izan. Lege honek 1997ko Euskal Funtzio Publikoaren Legea ordezkatzen du.

Onartutako testua, aldaketa txiki batzuekin, Patxi Lopezen Gobernuak 2012an idatzitakoa da. Onartzeko aurkezten den laugarren legegintzaldia da hau, aurreko hiruretan ez baitzen onartu. Gainera, Euskal Funtzio Publikoko sindikatu guztiek behin eta berriz errefusatu dute, salbuespenik gabe.

ELAk salatzen du, testuak langile publikoak Jaurlaritzaren eta kapital pribatuaren interesen menpe jartzea eta behin behinekotasuna, pribatizazioa eta sektore publikoaren murrizketak betikotzearen aldeko apustua egiten duela.

  • Plantillaren sumisioa ziurtatzeko, zuzendari publikoen figura sortu eta ordainsari aldakorrak indartzen dira. Zuzendari publikoak plantillaren jarduera, lan baldintzak, diziplina neurriak, mugikortasun geografikoak eta funtzionalak baldintzatuko dituzte. Ordainsari aldakorrek, hala nola karrera profesionalak edo jardunaren ebaluazioak, Administrazioak lan baldintzak bere kabuz erabakitzeko duen ahalmena indartzen dute.

  • Pribatizazio gehiago: Ez zaio inolako mugarik jartzen zerbitzu publikoen pribatizazioari.

  • Behin behinekotasuna sektore publikoaren arazo nagusietako bat den arren, testuan ez dago horren aurkako tresnarik, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezarritakoa urratuz. Era berean, aldi baterako langileak baztertzen ditu karrera profesionalean, baimenetan eta abarretan.

  • Estatuko legediari men egiten dio. Gernikako Estatutuan aitortutako eskumenak ere ez ditu aintzat hartzen. Gogoratu behar da aurkeztutako testua PSE-PPen Gobernuarena dela.

  • Negoziazio kolektiboa: Ez da inolako bermerik ezartzen administrazioek akordioak bete behar izan ditzaten. Horrek baliorik gabe uzten du negoziazio kolektiborako eskubidea.

  • Lehen aldiz arautzen da langile publikoen etika eta jokabide kodea, langile publikoaren izaera bera auzitan jarriz. Izan ere, langile publikoen izateko arrazoia erabakiak hartzeko duten objektibotasunean eta independentzian oinarritzen da.

  • Ez dago zerbitzu publikoak eta langileak euskalduntzearen aldeko benetako apusturik.

EAEtik kanpoko pertsonek Administrazioan lan egiteko aukerari dagokionez, ELAk uko egin dio proposamen horri, hainbat arrazoirengatik: kolektibo jakin batzuetara mugatzen da, eta horrek diskriminazioa dakar beste lanbide profil batzuk dituzten etorkin guztientzat. Eusko Jaurlaritzak lan baldintza eskasetan oinarria duen profilen eskasia arazo bat konpondu nahi du honekin. Gainera, neurri horrek kualifikatutako profesionalak euren jatorrizko herrialdeak deskapitalizatzen ditu, bertan lan egitea oso beharrezkoa den horietan trebatutako profesionalek beren lanbide jarduera utziko baitute.

Beraz, ELAk modu kategorikoan arbuiatzen du gaur Eusko Legebiltzarrean onartutako testua, eta eskura dituen tresna guztiekin borrokatuko du euskal sektore publikoan benetako eraginik izan ez dezan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.