2019-06-13 16:18
Patronalak mahaira proposamen eta planteamendu berririk gabe etortzeak agerian utzi du, beste behin ere, negoziaketarako borondaterik ez dutela. Bileran ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGTk patronalei arduraz jokatzeko eskatu diete, adostasunak erdiesteko borondatea adierazi dute eta martxoaren 27an aurkeztutako giltzarrien dokumentuan jasotako ildoetan oinarritutako planteamenduak egitea eskatu diete.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGTren ohar bateratua:

Sindikatuok borondate osoa daukagu langileen eskaerei erantzun serio bat eman eta gatazka bideratzeko adostasunak erdiesteko. Horrela, adostasun horiek lortzeko, erabateko zintzotasunez makina bat saiakera ari gara egiten: deitzen gaituzten bilera orotara joaten gara; akordioak lortzeko giltzarriak non dauden zehaztasun osoz adierazten dugu; gure eskaerak erabat neurtuak dira; eta malgutasuna erakusten ari gara gure planteamenduetan.

Bide horretan, ordea, langileen eskaerei erantzun eta gatazkari irtenbidea emateko ardura eta aukera dutenak, sektoreko patronalak eta Hezkuntza saila alegia, ez dira dagokien arduraz jokatzen ari.

Patronalek behin eta berriro adierazi duten arren negoziatzeko borondate badutela, borondate hori ez da euren proposamenetan ageri, ezta euren jokaeretan ere. Gogoratu behar dugu fede oneko negoziaketa batek eskatzen duen zintzotasuna behin eta berriro hautsi dutela; horrela, sindikatuokin izandako aldebiko bileretan langileen eskaerei gehiago gerturatzen zitzaizkien planteamenduak egitera iritsi baziren ere, ondoren atzera bota dituzte; langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazioa desaktibatzeko asmo soilarekin, sindikatuon arteko hausturak eta langile zein ordezkarien arteko nahasmena sortzeko saiakera ugari gauzatu ere bai; azkena maiatzak 8 eta 9ko greben bezperetan (ustez diskretoak izaten ari ziren elkarrizketak publiko eginez, elkarrizketa horien baitan egindako proposamen neurtuari ezezko borobila emanez, eta sindikatu guztioi helarazi ere egin gabeko eta sindikatuok adierazitako ildoetatik erabat aldendutako proposamena ikastetxeetan zabalduz, besteak beste).

Maiatzak 30erako sindikatuok deitutako bileran bertan ere agerian geratu zen adostasunak erdiesteko borondate eskasa izaten jarraitzen dutela; izan ere, langileen eskaerei erantzuten dioten proposamenak ekarri ordez, maiatzeko greben aurretik ezaguna zen proposamen berdin berdina jasotzen zuen dokumentu bat ekarri baitzuten.

Agerikoa izan zen publikoki zerbait ekarri zutela esan ahal izateko ekarri zutela dokumentua, besterik ez. Bilera hartan, hitzez adierazten duten negoziatzeko borondate hori, langileen eskaerei erantzungo dioten proposamen eta planteamendu konkretuetan zehaztea eskatu genien hurrengo bilerara begira; hain zuzen ere pasa den martxoan sindikatuok helarazitako adostasunetarako giltzarrien dokumentuan jasotako ildotik.

Gaurko mahaian, ordea, beste behin ere agerian utzi digute hitzez haratago, adostasunetara gerturatzeko borondate gutxi dutela. Hala adierazten du gaurkoan ere maiatzeko greben aurreko eta maiatzak 30ean izandako bileran errepikatutako proposamen berdin berdina ekarri eta proposamena aldatzeko asmorik ez dutela adierazi izanak.

Hezkuntza Sailaren aldetik ere, sindikatuon bilera deialdiak suposatu zion interpelazioa ekiditeko eta bilerara etorri ere ez egiteko aitzakia izateko asmoz, maiatzak 29rako deitutako edukirik gabeko bilera hartaz geroztik, ez da inolako pausorik eman gatazka bideratzeko.

Horregatik, sindikatuok, beste behin ere, patronalei eta Hezkuntza Sailari bakoitzari dagozkion ardurak hartu eta gatazka bideratzeko neurriak har ditzatela eskatzen diegu, langileen eskaerei erantzun egoki bat emango dioten planteamendu eta proposamenak eginez.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.