2018-07-20 11:16
ELAren aburuz Bizkaiko Metaleko lan-baldintzak duindu ahal izateko, eta sorturiko aberastasuna modu zuzenago batez banatu ahal izateko, behar-beharrezkoak ditugu antolakuntza, borroka eta mobilizazioa. Uztailaren 18an Bizkaiko Metal Hitzarmenaren Negoziazio Mahaiaren 10. bilera izan da eta ez da aurrepaurapenik eman.

Sektoreko patronalak (FVEM) zera proposatu du: 2018an %2,5eko soldata-igoera, eta 2019 eta hurrengoetarako, Estatuko KPI. Igoera hori taulen gainean izango zen. Hitzez hitz hauxe esan dute: "soldata-igoerak egiteko planteamendua soldata-taulen gainekoa da, kontuan izanik enpresa-kopuru handi batek soldata-igoerak eginak dituztela azken urteotan". Bestela esateko, FVEMk proposatu duen igoera horrek ez lieke benetako igoerarik ekarriko 2011ko taulen gainean dauden langileei.

FVEMk, gainera, berretsi egin ditu orain arte plazaraturiko puntu guztiak:

- Enpresarien boterea handitzea, malgutasunari eta aldi baterako ezintasunei (bajak) dagokienez.

- 2 urteko ultraaktibitatea, aurreko testuan ultraaktibitate mugagabea jasota bazegoen ere.

- FVEMk ez du klausularik nahi, hitzarmena alde bakar batetik salbuesteko aukera eragozteko.

Bileran ELAk adierazi du hitzarmenaren igoerak soldata errealen gainekoak izan behar direla, eta sektoreko langile guztiak eraginpean hartu behar dituztela; taulen gainean dauden edo ez begiratu barik. Metal sektorea oso egoera onean dago, eta hori azpimarratu dugu bileran; eta FVEMk uztailaren 3an hedabideetan jakinarazi zuen bezala, joera hoberantz joango dela espero da. Baina Metal Mahaiaren arazoa zera da: FVEMk ez du hobeto banatu nahi sektorean sortzen den aberastasuna.

Bestalde, FVEMk ez ditu kontuan hartu nahi gure plataformaren oinarrizko puntu batzuk: subrogazioa, hobekuntzak bajetan, malgutasuna arautzea, antzinatasuna, kaleratze objektiboetatik blindatzea, lanaldi-murrizketa, lizentziak zabaltzea, zainketagatiko lanaldi-murrizketa... Soldaten gainean bakarrik eztabaidatu nahi du, eta aipaturiko zentzuan. Gaur bertan proposatu diogu FVEMri beste aukera bat: 50 langiletik gorako enpresetan berdintasun-planak egitea; eta erantzun digute ados daudela, baldin eta lanaldia luzatzen bada. Erabat onartezina iruditu zaigu.

Labur bilduz, azken hilabete hauetan ELAn atera dugun ondorioa egiaztatzen ari da: Bizkaiko Metaleko lan-baldintzak duindu ahal izateko, eta sorturiko aberastasuna modu zuzenago batez banatu ahal izateko, behar-beharrezkoak ditugu antolakuntza, borroka eta mobilizazioa.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.