2019-06-17 16:41
Bizkaiko Metaleko negoziazio-mahaia 21. aldiz bildu da, ekainaren 17an azkena, FVEMek beste behin ere agerian utzi du ez daukala asmorik sektoreko lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen bat negoziatzeko.

Kontutan izanik ekainaren 20 eta 21erako greba deituta dagoela, FVEMen proposamena eta jarrera guztiz arduragabea izan da. Soilik mugimendu txiki bat egin du, tauletako soldatetan, baina oraindik ere eskari sindikaletatik oso urrun.

Patronalak ez die erantzunik eman nahi izan maiatzaren 10ean adierazi genituen eskariei. FVEMek ez du honako puntu hauek aipatzerik nahi:

  • Soldata errealetarako igoerak

  • Subrogazio eskubidea

  • Aldi baterako enpleguaz eta ABLEei buruz neurri konkretuak

  • Lanaldi murrizketa

  • Berdintasunaren eta lan osasunaren arloetan ere aldarrikapen sindikalik ez du entzun

Gainera, FVEMek malgutasunean eta bajetan atzerapausoak liratekeen puntuak mantendu ditu. Antza, patronalak adarra jo nahi dio Bizkaiko Metalean lan egiten duen jendeari. Ez dira ohartzen, edo ez dute nahi, borroka honen eta greben xedea dela sortzen ari den aberastasunaren banaketa justua eta sektorean dagoen prekaritatea desagerraraztea.

Ondorioz, ELAk dei egiten die sektoreko behargin guztiei ekainaren 20 eta 21eko grebetan parte har dezaten. Hain zuzen, uste dugu bi greba egun horietan produkzioa ostera ere geldiarazi eta kaleak bete behar ditugula manifestazio deialdien bidez. Noski, FVEMen jarrera ikusirik, borroka da bide bakarra; baita ekainaren 21etik aurrera ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.