2019-06-14 13:11
Bizkaiko merkataritzako ELAko ordezkariek gaur CEBEKen egoitza aurrean bilkura bat egin dute patronalak lau hitzarmenetan hartu duen jarrera salatzeko. Izan ere, ugazabak blokeatzen ari baitira irekita dauden edo negoziatzen ari diren hitzarmen horiek.

Batetik, patronalak geldirik dauka Larru eta Oinetakoen Merkataritzako Hitzarmena duela hamar urtetik gora. Ezin da onartu sektore honetako langileek aurreko hamarraldietako baldintza berdinekin jardutea. Arropa denden hitzarmena ere egoera larrian dago: urtebeteko atzerapena daramagu negoziazioari ekiteko, patronal ezberdinek ordezkaritzaren inguruan dituzten tirabirak medio. Norgehiagoka honek eragotzi egiten du negoziatu beharreko edukietara sartzea. Halaber, irekita dauden beste bi hitzarmenak ere (elikagaien merkataritza eta merkataritza orokorra) bultzada baten beharrean daude.

Langileek erabaki dute, hauteskunde sindikaletan eman duten botoaren bidez, ELAk lau negoziazio mahai horietan gehiengo absolutua izan dezan. Eta ez dugu onartuko CEBEKek blokeoari eusterik. Horregatik, dei egiten diogu has dadila benetako edukiak negoziatzen, jar ditzala mahai gainean, aurre egin behar baitzaio gero eta orokorragoa den prekaritateari; pairatzen dutenak gehienbat emakumeak dira, hau ere sektore feminizatua baita. Aldaketarik ez badago ELAk Bizkaiko merkataritzako sektoreetan mobilizazioak egiten jarraituko du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.