2019-05-24 12:03
Lan baldintzak nola prekarizatzen diren ikusteko adibide nabarmenetakoa da Estatuko Sukaldaritza Kolektiboko Lan-hitzarmena (jantokiak). Bertan ezarritako soldatak ozta-ozta gainditzen dute, lanaldi osoa izanik, lanbidearteko gutxieneko soldata. Sektoreko enpresa handiak, izugarrizko etekinak lortzen dituztelarik, FEADRS patronalean elkartu dira, lan-hitzarmenen artean kaskarrenetako bat bultzatzen dute, CCOO eta UGTren laguntzaz. Hitzarmen hau medio soldata-taulekiko %50eko galera inposatzen da. Maiatzaren 24an izan da bigarren bilera bertako lan hitzarmena negoziatzeko. FEADRS patronala agertu ere ez da egin eta CCOOek berriro adierazi du negoziazioa arbuiatzen duela

ELA aspaldidanik ari da hitzarmen honen aurka borrokatzen. Zapateroren lan erreformak 2011n utzi zituen zirrikitu legalak baliatuz, joan den azaroan ELAk estatuko hitzarmena salatu zuen eta, LABekin batera, saiatu zen EAE mailako negoziazio eremua irekitzen. Honek FEADRS patronala zeharo larritu zuen, eta sei egunetan CCOO eta UGTrekin Hitzarmen Estatal berria sinatu zuen, negoziazioan ezinbestekoa den fede ona alde batera utzita.

Urtarrilaren 31n bilera bat izan zen EAEko Sukaldaritza Kolektiboko Lan-hitzarmenaren negoziazio-mahaia osatzeko; haatik, CCOOek eta patronalak uko egin zioten eratzeko asmoari.

Gaur izan da bigarren bilera. FEADRS patronala agertu ere ez da egin eta CCOOek berriro adierazi du negoziazioa arbuiatzen duela. Alabaina, ELAk bere jarrerari eutsi dio, alde juridikotik biribila delako eta demokratikotik eztabaidaezina. ELAk hitzarmena negoziatzeko plataforma aurkeztu eta erregistratu du.

Gure argudioak bat datoz sektoreko langileek adierazi dituztenekin; horregatik hauteskundez hauteskunde gero eta babes handiagoa ematen diote ELAri eta estatuko hitzarmena ezarriz miseria inposatu nahi dietenak zigortzen dituzte.

CCOOen kasuak aipamen berezia merezi du; harrigarria da sindikatu batek Sukaldaritza Kolektiboko hitzarmena babestea. Eta ez da itxurazkoa negoziazio-mahaia eratzeko asmoa oztopatzea, EAEko hauteskunde sindikaletan %10era ere iritsi ez delarik (beheranzko joera nabarmena du). Honez gero ez diegu eskatzen langileen baldintzak hobetzeko egiten ari garen lanean laguntzeko; espero dugu ez dadila oztopo bilakatu.

Bigarren bileran ere aurrerapausorik izan ez denez, ELAk prozedura judizial bati ekingo dio sektoreko langileen gehiengoak nahi duena errespetarazteko: Berton hitzarmen bat negoziatzea, kanpoko injerentziarik gabe, sektoreko prekaritatea amaiarazteko tresna hori izango baita.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.