2019-10-31 13:59
Bilboko Udalak hileko azken ostegunetan egin ohi du bere osoko bilkura. Hilabete honetakoa, beraz, urriaren 31n egin da. Bilkura egungo abagune sozial eta laboralaren adibide argia izan da. Izan ere, bilkura egiten ari zen bitartean hiru protesta ekintza egon dira: Bizkaiko Metala; Bizkaiko kiroldegiak eta Bilboko Udaleko Cimubisa azpikontrata munizipala.

Lehendabizi Cimubisako langileak elkartu dira. Enpresa hau %100ean da Bilboko Udalarena, eta bertako ordenagailu eta zerbitzu informatikoen mantenuaz arduratzen da. Udalak langile hauei Estatuko aholkularitza-enpresen hitzarmena aplikatzen die; hitzarmen hau oso azpitik dago alderatzen badugu Bizkaiko hitzarmen-probintzialekin edo Udal horretako hitzarmenekin. Gauzak honela, soldatarik altuena justu-justu gainditzen du 1.000 euroen langa, 20 urtetako antzinatasuna barne. Gainera, urtean 1800 ordu lan egin behar dituzte eta beraien lanpostuak udalak egiten dituen pleguek erabat baldintzatuta daude. Bizi duten prekaritatea gutxi balitz, ELAk salaketa jarri du epaitegietan, langileen legez kanpoko lagapena eta kaleratze bidegabeak salatzeko.

Cimubisako langileen protesta amaitzen ari zenean Bizkaiko igerileku, kiroldegi eta kirol-zelaietako langileak bertaratu dira Udaletxe parera. Urriaren 28an bi asteko greba deialdiari ekin zioten, sektore horretako lan-baldintzak duintzearen alde. Euren egoera salatzeko mozio bat da osoko bilkuran. Langile hauek Udalari eskatu diote inplika zedila berarentzat azpikontrata bidez behar egiten duten langileen baldintzak hobetzen.

Azkenik Bizkaiko Metaleko ordezkariek eraman dute euren protesta osoko bilkurara. Hilabete asko daramate borrokan salatzeko sektoreko hitzarmenak hamar urte daramala berriztu gabe, horrek euren lan eta bizi baldintzetan ekartzen dituen ondorio negatibo guztiekin. Langile hauek hitzarmen duina eskatzen dute, eta dagoeneko bederatzi greba egun egin dituzte 2019 urtean zehar.

Langileen protesta artean egin da beraz osoko-bilkura Bilboko Udalean. Ez da harritzekoa, gero eta gehiago baitira nazkatuta dauden eta protesta egitea erabaki duten langileak.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.