2020-11-19 11:47
ELAk azpimarratu du Osasunbidearen eta Osakidetzaren arazoak egiturazkoak direla, COVID-19k sortutako pandemia sanitarioaren aurrekoak, eta egoera iraultzeko neurri sorta aurkeztu du: osasun arloko gastu publikoa Europako batez bestekoarekin parekatzea; sare publikoa indartzea; osasun publikoaren alde egitea onura pribatuaren aurrean; osasun publikorako sarbide unibertsala bermatzea; langile gehiago kontratatzea ELGAren batez bestekoarekin parekatzeko eta lan-baldintzak hobetzea; eta osasun-zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea.

ELAk salatu duenez, Osasunbideak eta Osakidetzak bizi duten "kolapso egoera" pandemiaren aurreko egiturazko arazoen ondorio da: aurrekontu-murrizketak; ospitaleko ohe eta osasun-langile gutxi; eta langileen lan-baldintzen prekarizazioa, besteak beste. Egungo egoeraren azterketa eta egoera iraultzeko neurriak biltzen dituen txostena aurkeztu du.

Osasunerako inbertsioaren jaitsiera

Lehenik eta behin, ELAk gogorarazi du osasunera bideratutako aberastasunaren zatia izugarri jaitsi dela azken hamarkadan.
Nafarroako gastua BPGren arabera aztertzen bada, argi ikusten da BPGaren %5,6tik % 5,2ra igo dela. Bestela esanda, 2020an 90,1 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke osasunerako, 2010eko BPGren partaidetza berdintzeko. EAEn ere gastua 0,5 puntu murriztu da 2010. urtearekin alderatuta.

Hau da, osasunean egindako gastua, bai Nafarroan, bai EAEn, Europako batez bestekoa baino askoz txikiagoa da.

2017an, osasunean egindako gastu publikoa BPGren %5,1ekoa zen Nafarroan, eta BPGren % 4,9koa EAEn; EB-28ko batez bestekoa, berriz, %7,0koa zen (eskura zegoen azken datua), eta Frantziako Estatua bezalako herrialdeek % 8,0 bideratzen zuten horretara."EB-28ko posturik txarrenetan gaude", deitoratu du sindikatuak.

Ospitaleko ohe nahikorik gabe

Bigarrenik, ELAk adierazi du ospitaleko oheen kopurua %30 handitu behar dela Nafarroan eta %24 EAEn ELGAko batez bestekoa berdintzeko.

Osasun-langile falta

Hirugarrenik, sindikatuak salatu du kontratatutako langile kopuruari dagokionez ere, Europaren bataz bestekoaren azpitik gaudela.

Lan-baldintzen prekarizazioa

Bide beretik, ELAk azpimarratu du ezinezkoa dela zerbitzu publiko ona eskaintzea lan-baldintza onik gabe, eta hori, une honetan, errealitatetik urrun dagoela. Sindikatuaren arabera, Nafarroan SNS-Oko langileen egoera "jasanezina" da, langileen erdiek baino gehiagok aldi baterako kontratua baitute (%52,2).

"Oso larria da behin-behinekotasun tasa hain handia izatea zuzenean Nafarroako Gobernuaren menpe dagoen eremu batean", esan dute.

Horrez gain, 2011. urteaz geroztik, langile finkoen 6 lanpostutik bat suntsitu da; SNS-Oko langile finkoen %55,5ek 51 urte baino gehiago ditu eta %13,8k lanaldi partzialeko kontratua.

Errealitate hori ez da hobetzen EAEn, ELAk salatu duenez, Osakidetzak "langileen egoera kezkagarria" ezkutatu nahi baitu.

Izan ere, Osakidetzak datuen gardentasunik ez badu ere, ELAk ziurtatu du langileen erdiek 50 urte baino gehiago dituztela, %40ko behin-behinekotasuna, %24,4ko soldata-arrakala eta %17ko partzialtasuna.

Lehen mailako arreta kolapsatua

Arreta berezia merezi du Lehen Mailako Arretak; izan ere, COVID-19ren krisiak bete-betean eragin dio, eta sektore horrek berebiziko garrantzia du gaixotasuna azkar identifikatzeko eta jarraipena egiteko. Hala ere, aldez aurretiko saturazioari baliabide eta langile nahikorik ez izatea gehitzen zaio, eta, beraz, "sistema kolapso egoeran dago".

"Gobernuen estrategia osasunaren babesa eta ekonomiari eustea uztartzeko mantran oinarritu da. Hori ez da lortu, ez eremu batean, ez bestean. Alde batetik, kutsatze mailak oso altuak dira, maila onartezinetan daude, eta, bestetik, langabeziaren eta enpresa itxieren gorakada nabarmena gertatu da", laburbildu dute.

Egoera hu iraultzeko, ELAk neurri hauek proposatu ditu:

  • Osasuneko gastu publikoa Europako batez besteko mailarekin parekatu.
  • Sare publikoa sendotu: osasun publikoa lehenetsi, ez etekin pribatua.
  • Osasungintza publikorako sarbide unibertsala: pertsona guztiei bermatu osasunerako eskubide unibertsal eta doakoa.
  • Langile kopurua gehitu ELGEko batez besteko mailara iristeko, eta lan baldintzak hobetu: langile nahikorik gabe eta lan baldintza duinik gabe ezin da kalitatezko zerbitzurik eskaini.
  • Osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea.

Irakurri hemen ELAren txosten osoa

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.