2019-05-24 11:40
Politika sozialetan sakondu nahi duen edozein gobernuren lehentasuna osasun zerbitzu publikoa da. ELAn Nafarroako osasun publikoaren, alegia, Osasunbidearen egoera aztertu dugu.

Ezinezkoa da kalitatezko osasun sistema publikoa izatea zerbitzuaren kalitatea eta lan-baldintza duinak bermatzen dituen aurrekonturik gabe, eta Osasunbidean egiten den gastua ez da nahikoa.

Nafarroan BPGaren %5,1a bideratzen da osasun publikora (2016ko datuak dira, dauden azkenak), EB-28en bataz besteko gastua BPGaren %7,1a denean. Europako gainontzeko lurraldeekin alderatuta, Nafarroak inbertsio txikia egiten du osasun publikoan. Soilik 8 estatuk egiten dute gastu txikiagoa. Are gehiago, Europako bataz besteko gastuarekin dauden BPGeko 2 puntuen aldeak 429,2 milioi euroren aldea suposatzen dute.

Gastua txikia izateak ondorioak dakartza. Nafarroan ospitaleratutako gaixoen bataz besteko egonaldia (5,9 egun) txikiagoa da ELGEko bataz bestekoa baino (7,8 egun 2015ean). Hau da, hemen jendea azkarrago bidaltzen da etxera. Bestetik, ELGEko bataz bestekoaren alderatuta, Nafarroan ospitaleko ohe gutxiago daude, zehazki, heren bat gutxiago: Nafarroan 1.000 biztanleko ospitale bakoitzean 3,6 ohe dauden bitartean, ELGEko bataz bestekoa 4,7 ohekoa da. Beste alde batetik, erizain eta erizain-laguntzaile kopurua ere (ez dago besteetako daturik) ELGEko bataz bestekoa baino txikiagoa da Nafarroan (osasun sistema publikoa eta pribatua kontuan hartuta). Nafarroan 1.000 biztanleko 6,8 erizain eta erizain-laguntzaile dauden bitartean, ELGEko bataz bestekoa 9koa da.

ELAn badakigu ez dela posible kalitatezko zerbitzu publikoa izatea lan-baldintza duinik gabe. Eta hemen asko dago egiteke. Osasunbideako langileen %49,1ak aldi baterako kontratua dauka (Europan aldi-baterakotasuna %14,8koa den bitartean), eta behartuta daude urtean zehar hamaika kontratu hartzera; urte askoan oporrik ere ez izatea suposatzen du horrek. Hau da,  izugarrizko behin-behinekotasunaz gain, sektoreko prekarietatea ere onartezina da.

Osasunbideako 5 langile finkotik 3k 51 urte baino gehiago dauzka, eta 2018tik 2022ra 964 pertsona erretiratuko direla aurreikusten da. Sektore feminizatua da: langileen %79,1a emakumeak dira; soldata handienak dauden tokietan (fakultatibo espezialisten artean, adibidez), berriz,  gizonaa.k dira nagusi. Beharrezkoa da osasun sistema publikoa indartzea, osasun estaldurak eta lan-baldintzak hobetzea ekarriko duen aurrekontu handiagoarekin. Giza baliabideak eta baliabide materialak handitzeko eta langileen lan-karga lanera egokitzeko ezinbestekoa da.

Osasun zerbitzu publikoa lurralde horretako politika sozialen egoera neurtzeko termometroa ere bada, eta Nafarroa Europako bataz bestekotik eta gustatuko litzaiguken tokitik oso urruti dagoela esan dezakegu. Asko dago egiteko.

Dokumentua

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.