2018-11-19 12:00
Osakidetzak diru publikoaz ordainduko ditu Onkologikoaren beharrezko inbertsioak, prestazio egokiak eman ahal izateko; baina Onkologikoaren jabetzapeko eraikin batean geratuko dira. Osakidetzak gure osasun-sistema eraisteko bidetik aurrera egin du. Eta osasun publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa bermatu beharrean, proiektu pribatuak finantzatzen erabiltzen du diru publikoa, eta gainera zerbitzu pribatu horiei aukera ematen die esparru publikora sartzeko.

Osasun Sailaren izenean Darpon sailburuak datozen urteetarako zituen helburuetako bat minbiziaren aurkako borroka zen. Hori horrela izanik, bazirudien erronka horri osasun publikotik heldu beharko zitzaiola, eta beti gizartearen onerako eta zerbitzurako.

Aitzitik, Osakidetzak gure osasun-sistema eraisteko bidetik aurrera egin du. Eta osasun publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa bermatu beharrean, proiektu pribatuak finantzatzen erabiltzen du diru publikoa, eta gainera zerbitzu pribatu horiei aukera ematen die esparru publikora sartzeko.

Hori bera gertatuko da Onkologikoan. Zentro hori Kutxaren eskuetan iraun arren, Osakidetzak urtero 25 milioi euro bideratuko du (izaera zabalgarriz), zentro horretako zerbitzuak finantzatzeko, eta horretarako behar diren ekipamendua eta azpiegiturak hornitzeko.

Kutxa ez dago prest Onkologikora milioika euro bideratzen jarraitzeko; obra soziala suntsitu nahi du eta etekinak ematen dizkion proiektuetan zentratu nahi du bere jarduera.

Baina Kutxak ondo daki proiektua bertan behera uztea kaltegarria izango zatekeela bere jendaurreko irudirako. Hori horrela, Kutxa bazkide bila ibili ondoren, bat aurkitu zuen borobila: Eusko Jaurlaritza, eta zehazkiago Osasun Saila, Jon Darpon buru duela.

Baina Onkologikoa ez da publifikatzen, topatzen den formula askoz onuragarriagoa da Kutxarentzat.

Hortaz, lehen unean Onkologikoaren zerbitzu-zorroaren zati baten finantzazioa, ordurako astunegia, Osasun Sailari leporatu zioten, zehazkiago Osakidetzari. Eta horrela, urtero berritu beharreko osasun-itunak egin ohi dituzte, Osakidetzari 22 milioi euro urtean kostatu izan zaizkionak. Eta Onkologikoak, bere jarduera finantzatzeko, diru-kopuru itzel horiek jasotzen zituen bitartean, osasun-jarduera pribatuak egiten jarraitzen zuen, minbiziaren aurkako borrokarekin zerikusirik ez dutenak, baina errentagarriak direnak.

Eta orain beste aurrerapauso bat ematea erabaki dute. Alderdi biek urteanitzeko lotura ituna egitea erabaki dute, aurreko sistemarenak baino ondorio larriagoak dakartzana. Horretarako, Osasun Sailak berak "ad hoc" emandako dekretu batez baliatu dira. Dekretu horretan aurreikusita dago lotura-itunak egin ahal izatea, Sailaren eta irabazi-asmorik gabeko osasun-zentro pribatuen artean.

Prozesu horren ondorioz Onkologikoa osasun-zentroaren zerbitzu-zorroaren zati bat Osakidetzak finantzatuko du, Kutxaren Gizarte Ekintzaren partez. Zehazkiago, eta lehen ere adierazi dugunez, 25 milioi euroko aurrekontu-hornidura (izaera zabalgarriz) egingo da 2019an altxortegi publikotik; eta aldi berean, itunaren arabera, Onkologikoak zerbitzu onkologiko pribatuak eskaini ahal izango ditu, errentagarriak baitira.

Mugimendu horren jatorria bilatzeko, Kutxak orain dela zenbait urte hartu zuen erabaki estrategiko bateraino joan behar gara. Orduan erabaki zuen bere Gizarte Ekintzaren funtsak proiektu ez jasangarrietatik erretiratuz joatea, eta errentagarriagoak diren beste batzuetara bideratzea

Hori horrela, ELAren aburuz, lotura-itunaren edukia zeharo eskandaluzkoa da:

1.- Gizarteari behar duen osasun-arreta eman ahal izateko, osasun-zerbitzu publikoak beharrezko baliabideez hornitzeko asmoa bertan behera utzi du Osakidetzak. Tamalez, osasun publikoa zenbat eta gehiago eraitsi, orduan eta sarriago joko beharko da zerbitzu pribatuetara. Osasun sailburuordeak berak aitortu du Osakidetza Onkologikoaren beharrez dagoela, osasun-zerbitzu egokia eskaini nahi badu, ez baitu horretarako baliabide propiorik.

2.- Osakidetzak zentro pribatu baten zerbitzura (Onkologikoa) jarriko ditu bere kontratazio-zerrendak: Onkologikoak pertsonala kontratatzeko beharra izango duenean, Osakidetzaren aldi baterako kontratazio-zerrendetatik egingo du. Hori horrela, langile horien kontratua Onkologikoarena izango da, eta lan-baldintzak ere Onkologikoarenak. Beraz, Osakidetzaren kontratazio-zerrendetan izena eman dutenak, Administrazio Publikoaren menpeko erakunde batean lan egiteko, entitate pribatu batetik deitu ahal izango diete.

Horrek badu bere izena: lan-harremana eta lan-baldintzak pribatizatzea.

    • Lan-harremana pribatizatzea: Kontratazio publikoko zerrendak kontratazio pribaturako erabiltzen direlako.

    • Lan-baldintzak pribatizatzea: Kontratazio publikoko zerrendatik deituriko langileei entitate pribatu bateko lan-baldintzak aplikatuko zaizkielako.

3.- Itunak ez du bermatuko Onkologikoaren plantillaren iraupena. Alderantziz, itunaren arabera plantillako langile bati baja behin betiko ematen diotenean, lanpostu hori amortizatuko da, salbu eta Osakidetzak beharrezkotzat jotzen badu. Hala gertatuz gero, prozedura harrigarri bati jarraituko zaio: plaza horiek Osakidetzaren egiturazko plantillan sortuko dira, nahiz eta gero zentro pribatu batean zerbitzua eman; hau da, ente publiko bateko plantillan sortuko dira lanpostuak, eta diru publikoaren kontura, baina langileek zentro pribatu batean lan egingo dute.

4.- Itun horrek Onkologikoko behin-behineko langileen kaleratzea ekarriko du. Itunaren arabera Onkologikoak behin-behineko pertsonala behar duenean Osakidetzaren kontratazio-zerrenden bidez kontratatuko du. Hori dela-eta, langile batek behin-behineko kontratua badu orain Onkologikoarekin, kontratu hori amaitu eta berehala kalera joango da, berriro laneratzerik izan gabe, ez badago izena emanda Osakidetzaren zerrendetan behintzat.

5.- Osakidetzak diru publikoaz ordainduko ditu Onkologikoaren beharrezko inbertsioak, prestazio egokiak eman ahal izateko; baina Onkologikoaren jabetzapeko eraikin batean geratuko dira.

6.- Kudeaketa kliniko publikoan zentro pribatu batek (Onkologikoa) eskuhartuko du, eta Donostiako Ospitalearen eta Onkologikoaren artean profesionalak partekatzeko aukerak zabalik utziko dira.

Laburbilduz, baliabide publiko guztiak osasun-zentro pribatuaren zerbitzura jarri dira, eta beldur gara hori ez ote den prozesu askoz globalago baten hasiera baino ez.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.