2020-07-10 08:52
ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek berriro eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari urrats sendoak, zehatzak eta berehalakoak eman ditzatela euskal osasun publikoan bizi den egoera larria iraultzeko. Bestela, protestak areagotuko dituztela, "ezer baztertu gabe", adierazi zuten Donostia, Bilbo eta Gasteizen uztailaren 9an egindako elkarretaratzeen ostean.

Sindikatuon agiria:

Berriz ere, ekainaren 26an gertatu zen bezala, mobilizazioen jarraipena oso zabala izan da. Osakidetzako langileek eta herritarrek ere bat egin dute hiru hiriburuetan egindako elkarretaratzeekin, gure balorazioa, berriz ere, oso positiboa delarik. Jarraipen hau, zalantzarik gabe, lan zentruetan bizi den egoera eskasaren eta osasun-arloko politika publikoak errotik aldatzeko beharraren erakusgarri argia da.

Koronabirusaren krisiak agerian utzi du zerbitzu publikoen garrantzia, eta, zehazki, osasun publikoarena. Hala ere, azken urteotan, osasun publikoa ahuldu egin dela ikusi dugu, eta horren ondorioak nabarmenak izan dira osasun-krisi horri aurre egiteko orduan. Langileen ahalegina eta inplikazioa izan da gure osasun-sistemaren gabeziak arintzea lortu duena, egunerokoan gertatzen den bezala. Langileek guztiz salbuespenezko baldintzetan egin dute lan: lan-karga onartezinak; babes-neurrien falta kezkagarria; eta langile urriek osatutako ekipoak, Osakidetzak ez baitie baliabide egokirik eta nahikorik eman krisiari aurre egiteko.

Horren ondorioz langileak akitu dira, fisikoki eta psikologikoki. Ikusi besterik ez dago profesional bat hil dela, eta 2.000 profesional baino gehiago kutsatuta daudela, babes-neurririk ez izateagatik. Positibo horiek EAEko positibo guztien %18a izatera iritsi dira, eta ESI batzuetan plantilla osoaren %20a dira.

Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikek euskal osasun publikoaren pixkanakako ahultze kezkagarria eragin dute: aurrekontu-partidak EBko batez bestekotik behera; enpleguaren suntsiketa; egiturazko plantilla oso urria; kontratazioaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera; lan-eskubideen murrizketak; pribatizazioak; lan-karga onartezinak, etab.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok berriro eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari, premiaz eta atzerapenik gabe, errotik alda ditzatela osasun-arloko politika publikoak, eta neurri hauek har ditzatela:

Osasun publikorako aurrekontu-partida bat, EBko batez bestekoarekin parekatuko dena.

Enpleguaren arloan:

- Plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan txertatuz.

- Plantilla egonkortuko duten eta Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihestuko duten behin-behineko langileak sendotzea.

- Murrizketa guztiak lehengoratzea: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuaren primak.

- Zerbitzu pribatizatuak arlo publikora itzultzea, dagoen enplegua galdu gabe.

- Plantillaren osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren berragertze baten aurrean, bai haren eguneroko lanean: kategoria guztietarako babes-material nahikoa eta egokia; arreta-maila guztietako lan-arriskuak baloratzea eta prebentzio eta babes neurriak hartzea; arrisku psikosozialak ebaluatzea, lan-kargen ondoriozkoak barne, eta neurri zuzentzaileak hartzea.

Egoera hori zuzentzeko neurriak hartzeko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Bestela, protestak areagotuko ditugu, bat ere baztertu gabe.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.