2020-10-03 14:28
Gaur, kalitatezko osasun-sistema publikoa aldarrikatzeko Bilboko kaleak zeharkatu dituen manifestazio jendetsuak, amaiera eman dio hilaren 18an Lehen Arretako zentroetan kontzentrazioak eginez hasi zen mobilizazio-txandari. Kalitatezko osasun sistema publikoa lortzeko bidean, ezinbestekoa da langileen baldintza eskasak hobetzea adierazi dute ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek.

Sindikatuen agiria:

Zalantzarik gabe, mobilizazio guztiek izan duten jarraipen zabala da langileek jasaten duten eta herritarrek pairatzen duten egoera larriaren adierazpenik onena. Agerian geratu da langileen haserrea, gogaitzea eta muturreko nekea; izan ere, beren egunerokotasunean egiturazko gabeziak jasaten dituzte, urrunetik datozenak eta egungo osasun-krisiak larriagotu dituenak, baina ez dira horrekin batera jaio. Era berean, herritarrek ahotsa altxatu dute jasotzen duten arreta kalitatea gero eta okerragoa dela salatzeko.

Berriro ere azpimarratu nahi dugu egoera larri baten aurrean gaudela, kasu askotan jasanezina, eta premiazko eta sakoneko konponbideak behar dituela. Ez da asmo oneko adierazpenak egiteko unea, ezta ezer konpontzen ez duten propaganda-diskurtsoak egitekoa ere. Jarduteko unea da, berehalako eta etorkizuneko neurriak abian jartzekoa, azken urteetako murrizketek eragin dituzten ondorio larriak iraultzeko: osasun publikoan inbertsio falta, behin-behinekotasun tasa handiak, lanaren gainkarga sistematikoa, giza baliabideen eta baliabide materialen eskasia, lan-baldintzen murrizketak, zerbitzuen pribatizazioa, etab.

ELA, SATSE, LAB, SME, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok, osasun publikoa lehentasun bihurtzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Pandemia honek argi erakutsi duen bezala, osasun sistema sendoa eta giza baliabide eta baliabide material nahikoak izatea ezinbestekoa da ongizate kolektiborako; egiturazko gabeziek, pertsonen ongizatea ez ezik, gure garapen soziala baldintzatzen dute, baita ekonomikoa ere.

Osasun Sailari eskatzen diogu gure osasun-sistema publikoaren etorkizuna bermatuko duten egiturazko eta sakoneko irtenbideak berehala abian jartzeko. Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea, adierazpenetatik egiturazko konponbideetara. Ildo horretan, berehalako urratsak eman behar dira.

Mobilizazioen deitzaileak garen sindikatuok azpimarratzen dugu, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak ez badu bide horretan berehalako urratsik ematen, mobilizazioak areagotuko ditugula Osakidetzak bizi duen egoerari behin betiko eta egiturazko irtenbidea eman arte.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.