2020-03-13 12:47
Greba bertan behera utzi badute ere, euren borrokak aurrera darrai. Horregatik, Gorlizko erakunde eta antolakundeei berriz ere eskatu diete udalerriko bide-garbiketako langileekin alderatuta pairatzen duten soldata-arrakala desagerrarazteko, kategoria profesional berekoa baita.

Gorlizko Udalaren menpeko eraikinen garbiketa-sektoreko azpikontratatutako langileek, martxoaren 2tik greban daudenek, greba- deialdia bertan behera utzi dute Coronavirus-Covid19aren ondorioz sortutako osasun-krisiaren aurrean erantzukizunez jokatzeko asmoz. Hala ere, bere baldintzak hobetzeko borrokak bere horretan jarraitzen du. Hori dela eta, beste behin ere salatu du Udalak ahoz adierazi duela greban dauden zortzi langileen baldintza ekonomikoak eta lanekoak hobetzeko asmoa baduela, baina uko egin dio horiek beren pleguetan jasotzeari.

"Ez da bermatzen Gorlizko diru publikoa garbitzaileen lana duintzeko izango denik; aitzitik, enpresa pribatuaren esku geratuko da berriro", azpimarratu dute. Gorlizko udalari eta bertako arduradun politiko eta teknikoei dei egiten diete neurri zehatzak har ditzaten garbiketaren sektorearen lan ikusezina duintzeko, sektore hori bizitzaren eta gizartearen funtzionamenduan funtsezkoa izan arren, praktikan ez delako funtsezkotzat hartzen. "Sektore feminizatu eta prekarizatu bateko kide gara, non gure lan eskubideak etengabe urratzen diren, eta ez kasualitatez. Garbitzea ikusezina da, nahiz eta gure lana ezinbestekoa izan komunitatearen iraunkortasunerako; adibidez, Ikastola eta Haur Eskola garbitzen ditugu, Gorlizen garrantzia berezia duten lekuak. Udalak emakumeen eskubideen defentsarako diskurtso baten alde egiten duen bitartean, udal eraikinak garbitzen ditugun emakumeoi ez dizkigu lan baldintza integralak bermatzen, gure bizi baldintzatan kalteak eraginez". 

Osasun krisia dela eta, astelehenean, martxoaren 16an, greba eten eta lanera bueltatuko dira, koronabirusaren hedapena geldiarazteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.