2020-07-10 14:01
Murrizketak alboratuz hezkuntza publikoa indartzeko beharrezkoak diren baliabideak jarri eta langileen ordezkariekin interlokuzio eta negoziaketa erreala bideratu ezean, mobilizazioa dinamika eta erantzun sendo bat izango dituela aurrean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, adierazi dute ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.

Sindikatuen agiria:

Bizirauteko oinarrizkoena dena zalantzan jarri zaigun garai honetan, argi gelditu da zein garrantzitsuak diren bizitzaren sostengu diren zerbitzu publikoak. Garai gogorrak bizi izan ditugu eta datozenak ez dirudite xamurrak. Orain, bizipenetatik zerbait ikasiko dugun edo etorkizunean, orain arte eginiko akats berdinak errepikatuko ote ditugun ikusteko gaude.

Dirudienez, Cristina Uriartek gidatutako Sailak ezer gutxi ikasi du eta hezkuntza publikoan murrizketen bideari ekin dio dagoeneko. Aldebakarreko erabaki inposatuen bidetik jarraituz, sindikatuoi zuzenean ezer jakinarazi ez digun arren, ikastetxeetatik jasotzen ari garen berrien arabera, datorren ikasturteari begira murrizketak aplikatzen  hasiak dira hainbat arlo eta kolektibotan:  IRALEko ikastaroetan, Euskal Girotze barnetegietan, ikastetxeetara helarazi diren lanpostu zerrendetan, ikastetxeetako beharren indizeek sortutako errefortzuetan...

Gainera, hamaika esku programan, sukalde eta jantokietako kolektiboan, heziketa berezian hezkuntza laguntza espezialisten kolektiboan, terapeuta okupazionaletan, eta Haurreskolak Partzuergoan,... ikusteke dago zein izango den Lakuaren aldebakarreko erabakien eragina.

Covid-19ak sortutako egoeraren aurrean Eusko Jaurlaritza gobernatzen duen alderdi politikoa etengabe aritu da aldebakarreko erabakiak inposatzen, gainera era inprobisatuan hartutako eta plangintza orokorrik gabeko erabakiak izan dira. Orain, osasun krisia baliatuta, ez-ohiko egoera hau kudeatzeko beharrezkoak zaizkigun baliabideak gehitu ordez, murrizketak aplikatzen hasi zaizkigu. Noiz eta etapaz etapa eta langileen kolektiboz kolektibo ratioak aztertu eta besteak beste, plantillak handitu behar direnean.

Guk  argi dugu une latzetan hain ozen defendatu ditugun zerbitzu publikoak babestea dagokigula orain.  Gure gizartea osatzeko ezinbesteko kohesiorako tresna den hezkuntza publikoan inbertitu behar da. Argi gelditu den bezala, Hezkuntza publiko indartsu bat gizartean jatorriz dauden desorekak konpentsatzeko tresna aparta da, ikastetxeetan edukien transmisiotik haratago doan praktika batean aritzen gara eta.

Baina, Hezkuntza publikoak bere funtzioa bete dezan baliabideak behar ditu, hau da, inbertsioa. Gogoratzekoa da 2019 urteko hezkuntza inbertsio publikoa BPGren %3,5ekoa izan zela, UNESCOk gomendatzen duen %6tik oso urrun eta europar batasuneko %4,7ko batezbestekotik eta Europako iparraldeko herrialdeen %7tik urruti ere.  Horregatik, orain inoiz baino gehiago UNESCOk gomendatzen duen BPGren %6eko inbertsioa eskatzen dugu hezkuntza publikorako. Soilik horrela bermatu ahalko ditugu momentu honetan ezinbestekoak diren giza baliabideak zein bitarteko materialak.

Beraz EAEko gobernuari exijitzen diogu, langileen ordezkariokin interlokuzio eta negoziaketa erreala bideratu dezala, murrizketak alboratuz, hezkuntza publikoa indartzeko beharrezkoak diren baliabideak ahalbideratzeko neurriak har ditzala. Bide horretan,  hezkuntza publikorako inbertsioa handituz aurrekontuak moldatu ditzan eskatzen diogu, aspalditik beharrezkoak diren eta orain premiazkoak bilakatu diren behar eta hutsuneei erantzuteko. Ezinbestekoa da ratioak jaitsi eta plantillak handitzea, Haurreskolak Partzuergoko doakotasuna,  hezkuntza premia berezirako baliabideak handitzea, baita Pedagogo Terapeutak eta HIPIak ere, behar diren garbitzaile, sukaldari eta jantokiko arduradunak bermatzea, langileen lan zama arintzeko neurriak hartzea hartu ditzan, langileen erretiroa ahalbidetuko duen plantillaren gazte-berritze plan bat abiaraztea, behin behineko langileen bermedun kontsolidazioa, kontziliaziorako neurri errealak bermatzea funtzionario, lan legepeko langile finko  zein ordezko eta behin behinekoentzat, arrakala digitalari modu hobean erantzun ahal izateko beharrezko material zein formakuntza digitalari  eustea, euskara errefortzurako programak indar ditzala…

Esan bezala zoritxarrez badirudi kontrako norantzako bidea hartu duela Gasteizko gobernuak, erabaki guztiak aldebakarrez hartu dituela behin eta berriro salatu badugu ere egoera berdinean gaude, hezkuntza publikoko sindikatuekin inolako hartu emanik izan gabe, inolako negoziaziorako bideak erraztu gabe jarraitzen du-eta. Guk gure aldetik hori guztia aldatu ezean aurrean  topatuko gaituela jakinarazten dugu!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.