2020-10-29 15:59
Arabako lehen mailako arretan eta Osakidetzako ospitaleetan protestak eta greba egiten ari dira ELA, SATSE, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek deituta, herrialdeko zentro guztietan. Arabako Osakidetzako langileek nazkatuta daudela adierazi dute aho batez eta horren ondorioz, grebak azken hamarkadetako jarraipen handiena izan du.

Grebaren jarraipena azken hamarkadetako handiena izan da Osakidetza Araban, iaz lehen mailako arretan egindako 3 deialdiak berdinduta edo gaindituta. Goizeko 11:00etan kontzentrazio masiboak egin dira Arabako zentro guztietan, Txagorritxu Ospitalean egindakoa horren adibide garbia izanik. Gogoratu behar dugu, hasiera batean aurreikusita zegoen manifestazioa bertan behera geratu dela, segurtasunaren mesedetan, pandemiaren egoera ikusita.

Grebak Araba osoko osasun zentroak geldiarazi ditu. Horren adibide ona da Gasteizko lehen arretako 10 zentroetan, bezeroarentzako arreta guneak itxita egon direla bertako langile guztiak greban daudelako; edo Iradier Arenan gripearen txertoa jartzen ari diren erizain guztiak jarduera eten duela. Gainerako kategoriek ere gogor jarraitu dituzte lanuzteak.

Gainerako arreta-mailetan ere jarraipena zabala izan da, are gehiago kontuan hartuta ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak direla eta, langile askok ezin izan dutela greba egin; izan ere, zerbitzu askok % 100ean lan egin behar izan dute, eta beste askok % 50ean.

Grebak kontsultak geldiaraztea ekarri du, baita zentroetan programatutako jarduera etetea ere. Esan dezakegu osasun-zentro askotan larrialdiak bakarrik artatu direla.

Protestaren helburua alerta jotzea izan da sektore horretan, non arazoa ez da bakarrik lan baldintzak okertu direla, baizik eta inbertsio handiagoa egin behar dela, premiaz, giza baliabideetan eta baliabide materialetan, kalitatezko arreta bermatzeko eta pandemiak Euskal Autonomi Erkidegoko biztanleengan eskatzen duen osasun-arretaren eskari gero eta handiagoari erantzuteko, eta baita ohiko jarduerari aurre egiteko.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren propaganda-diskurtsoez haratago, Osasun Sailak eta Osakidetzak berak ez dute irtenbiderik jarri mahai gainean euskal osasun publikoak pairatzen dituen gabezia larriekin amaitzeko, eta urteak daramatzagu gabezia horiek salatzen.

Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea eta osasun publikoaren etorkizuna bermatuko duten eta profesionalak errespetatuko dituzten irtenbideak abian jartzea. Nahikoa da gezurrez, hitz onez eta manipulazioez. Benetako konponbideak nahi ditugu.

Azaroaren 5ean greba eguna Gipuzkoan izango da. Bezperan, azaroaren 4an, protestak izango dira Bizkaiko eta Arabako osasun-zentro eta ospitale guztietan.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.