2019-06-17 12:34
Osakidetzaren konponbide ezaren aurrean, langileek masiboki jarraitu dute berriro ere gaurko deialdia. Pasa den ostiralean Osakidetzak Mahai Sektoriala detu zuen baina beste behin, ez zuen gatazka kopontzeko aurrerapausurik eman.

Lehen Arretako hirugarren greba eguna izanda gaurkoa, esan behar dugu jarraipena masiboa izan dela. Zentro askotan, hainbat kategoriatan, jarraipena %100ekoa izan da, bereziki, mediku, pediatra eta administrari laguntzaileen artean. Esan dezakegu, jarraipena %60koa izan dela.

Lehen Arretako langileek, manifestazio jendetsua burutu dute Gasteizen, Bilbao Plazatik abiatuta, goizeko 12tan.

Greba hasi zenetik, Osakidetzak hirutan deitu du mahai sektoriala, azkenekoa pasa den ostiralean. Horien edukia ikusita, ondorioa argia da: Osakidetzak ez du batere asmorik laister Lehen Arretaren egoera larriari heltzeko. Osakidetzaren ahaleginak plantilla desmobilizatzeko baino ez dira izan.

Ostiraleko bileran, bi greba egunen ostean, eta hirugarren bat deituta zegoela, udarako planteamenduak bakarrik egin zituen Osakidetzak, batzuk murriztaileak eta bat ere ez sakoneko arazoei erantzuna emateko. Ez dira etorkizuneko neurri sakonak planteatu, gaur egungo egoera larria konponduko dutenak.

Hori horrela izanik, greba da gure irtenbide bakarra. Osakidetzak kosta ahala kosta indargabetu nahi du greba; baina gauza bat gero eta argiago dago: mobilizaziorik gabe ez da politika-aldaketarik izango, ezta konponbiderik ere.

Premiazkoa da Lehen Arretaren eredua aztertzea, haren aurrekontua handitzea, giza baliabide nahikoak eta kategoria guztietakoak jartzea, plantillak egonkortzea, murrizketak eta eros-ahalmenaren galerak lehengoratzea, prestakuntza denei bermatzea, lan-kargak arrazionalizatzea, segurtasunezko eta kalitatezko arreta bermatzea, lan-baldintzak hobetzea, aldi baterako kontratazio gehiegizkoa amaitzea, eta azken batean, Lehen Arretaren eredu sendo, eraginkor eta jasangarri baterantz joatea, osasun-sustapenaren helburuaren bila.

Grebaren jarraipena oso zabala izan bada ere, salatu behar dugu, aurreko deialdietan egin izan dugun bezala, Osakidetza, greba oztopatzeko eta indargabetzeko ahaleginak egin dituela:

  • Alde batetik, zerbitzu minimoen agintearen gehiegizko interpretazio bat egin da ESI askotan. Horrela, larunbat bateko zerbitzu eta zentro gehiagoko irekiera inposatu egin ditu. Dudarik gabe, Osakidetzak benetakoa ez den normaltasun irudi bat eman nahi du. ELAk eskubide urraketa hau salatzeko pasu legalak ematen hasi zen aurreko greba deialdian.

  • Bestalde, grebaren jarraipena baloratzeko momentuan, Osakidetzak beti manipulatzen ditu datuak. Horrela, baloratu beharrean zenbatek egin duten greba, aukera hori dutenetatik (esan bezala, zerbitzu minimo lanak egin behar dituztenek, ez daukate aukera hori), oinarritzat hartzen ditu langile guztiak, jakinda ere horien zati inportante batek, ezin duela grebarik egin. ELAtik, Osakidetzari exijitzen diogu, datu errealak eman ditzan.

  • Gaurko egunean ere, grebaren kontrako neurriak jarri ditu martxan: “segurtasun” langileak kontratatu ditu zentroak irekita mantentzeko.

Osakidetzari eskatzen diogu arduraz jokatu dezan eta negoziazio erreal bat ireki dezan benetazko konponbideak planteatuz. Egoera oso larria da, eta larriagoa bihurtuko da udan; premiazkoa da konpobideak martxan jartzea.

ELAtik langileei egiten diegu deia mobilizatzen jarraitu dezaten kalitatezko osasungintza unibertsalaren alde.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.