2019-03-06 11:29
2007tik hona, Osakidetzako Lehen Arretako zerbitzuaren egoera gero eta okerragoa bihurtzen joan da eta hasieratik agerian geratu da Osakidetzak ez duela izan eta ez daukala egoera honi konponbide bat emateko borondaterik. Hori argi geratu da ELAk antolatu duen datu bilketan. Hiru herrialdetako 25 anbulategietara gerturatu da eta guztira 125 langileekin egon da argazkia argazkia ateratzeko.

ELAtik, behin eta berriz azpimarratu egin dugu Lehen Arreta eraisteko apustu bat dagoela. Horren adibide garbia dira 2007tik Osakidetzak emandako pausuak. ELAtik pausu eta neurri guzti horiek salatu izan ditugu.

Osasungintza publikoaren eraispena eta Osakidetzak bizi duen egoera larria, gure agintarien murrizketa politiken ondorio zuzena dira: lanpostuen suntsiketa, plantilla gero eta txikiagoak, behin-behinekotasun tasen igoera (gaur egungo tasa %38an kokatzen da); zerbitzuen pribatizazioa; bajak eta absentziak ez dira ordezkatzen; hutsik dauden lanpostuak ez dira betetzen; iruzurra behin-behineko kontratazioan; lan kargak gero eta handiagoak; erosahalmenaren galera; gaixotasun bajen zigorra; etab. luze bat. Zuzeneko murrizketak aipatu behar ditugu ere, Garapen Profesionalean egindakoa adibide argia delarik.

Lehen Arretari dagokionez, orain arte azaldutakoari, bi arazo gehitu behar zaizkio, ELAtik salatu izan ditugunak: alde batetik, ESIetako estruktura berriak horretan sakontzen duela; eta bestetik, Lehen Arretako medikuen eskasia. Azken kasu honetan, eskasia horri, Osakidetzak eskaintzen dien eta eskaini dizkien lan baldintza prekarioek gehitu behar zaizkio. Honen ondorio zuzena izan da mediku askok lan aukerak bilatu izan dituztela Osakidetzatik kanpo.

ELAtik salatu eta aurreikusi genuen egoera, zoritxarrez, heldu egin da eta hori dela eta, Lehen Arreta oso egoera larrian dago. Horrek eragin zuzena dauka langileen lan baldintzen gain, baina baita gaixoei eskaintzen zaien arreta kalitatearen gain.

Baina, zein da lan zentroetan bizi den benetako egoera? Bildutako datuak ikusita, argazkia horrela laburtu daiteke:

Lan kargak onartezinak dira: kategoria guztietako langileek diote lan kargak jasanezinak direla eta datuek ere, hala adierazten dute. Medikuek eta erizainek gaixoei ematen dieten arreta, gehienez, 10 minututakoa da, horrek suposatzen duenarekin arretaren ikuspuntutik. Gauza berdina gertatzen da erizain laguntzaileekin. Medikuek, batezbeste, 35 gaixoei ematen diete arreta egunean, eta administrari laguntzaileek 100 erabiltzaileei. Kasu guztietan, arreta horri gehitu behar zaizkio egin beharreko beste lan batzuk, arreta zuzena emateaz gain.

Absentziak ez dira ordezkatzen: absentziak daudenean, langileak ez ordezkatzeko politika bat dago, bereziki medikuak eta erizainak. Hori dela eta, lanean daudenek, lanean ez dagoen horren lana beraien gain hartu behar dute. Egoera hau ohikoa da eta sistematikoki errepikatzen da.

Arreta jasotzeko itxaronaldiak gero eta handiagoak dira: gaixoek, batezbeste, 4 egun itxaron behar dute arreta jasotzeko eta epe hori dezente luzatzen da dagozkien medikua edo erizaina lanean ez daudenean. Horrez gain, ohikoa da gaixoari arreta ematea berea ez den medikuak edo erizainak.

Langileek, bereak ez diren lanak egin behar dituzte: egoera azaldutakoa izanda, Osakidetzak arreta partxeak jartzeko apustu argia egin du. Horrela, profesionalen arteko funtzio trukaketa bat jarri du martxan. Hori dela eta, sanitarioak ez diren langileak, administrari laguntzaileak kasu honetan, gaixoei osasun galdetegi bat egin behar diete eta horren emaitzak ikusita, erabaki behar dute medikura edo erizainera bideratu behar duten pertsona hori.

Erizainek, bestalde, gaixoen triaje bat egin behar dute, gaixoen egoera baloratzeko eta hori ikusita erabaki behar dute medikura bideratzen duten edo zuzenean, etxera bidaltzen duten. Hau da, gerta daiteke pertsona bat osasun zentro batera joatea eta bere etxera bueltatzea mediku baten balorazioa jaso gabe. Eta hori erizainak hartu beharreko erabakia da.

Azkenik, esan behar dugu zelariek, administrazio lanak egiten dituztela.

Egoera hori izanda, Osakidetzak langileak desaktibatzeko ahaleginak egin ditu. Horrela, partxe hutsak ziren ordainsariak eskaini zizkien gutxi batzuei, gertatzen ari zena konpentsatu nahian baina oinarrian dauden arazoei konponbidea eman gabe. Horrez gain, kategoria batzuk ahaztu egin ditu, kontutan hartu gabe egin beharreko lana, talde lana dela eta ondorioz, kategoria guztien arazoak jorratu eta konpondu behar direla. Eta esan behar dugu ere, Osakidetzak guzti hori egin duela sindikatu batzuen estaldurarekin gutxi batzuentzako ordain ekonomiko baten truke.

2007tik hona, egoera gero eta okerragoa bihurtzen joan da eta hasieratik agerian geratu da Osakidetzak ez duela izan eta ez daukala egoera honi konponbide bat emateko borondaterik. Osakidetzako Mahai Sektorialean ez dago eta ez da egon egoera honi buelta emateko edukirik. Askotan salatu izan dugu mahaian ez dela benetako negoziazio bat burutzen.

Lehen Arretak bizi dituen arazoei konponbidea emateko borondatea dagoelako itxura eman nahian, Darpón Sailburuak orain dela egun gutxi batzuk Lehen Mailako Arretarako Estrategia dokumentua aurkeztu egin zuen. Dokumentu horren edukia ikusita, bi gai azpimarratu nahi ditugu:

Lehen Arretaren eraispena, orain dela 10 urte baino gehiago hasi zen. Hori ekiditeko edozein estrategia, gaur egun, berandu dator, egoera jasanezina bihurtu denean. Orain dela denbora asko zen beharrezkoa neurri ezberdinak diseinatzea eta martxan jartzea.

Dokumentuaren edukia ikusita, argi daukagu, dokumentuak ez diela Lehen Arretaren arazoen erroei zuzenean heltzen. Orain arte gertatu izan den bezala, egiturazko arazoak konpontzen ez duten partxeak planteatzen ditu; zehazten ez diren neurri orokorrak plantatzen ditu; epe ertainerako planteamenduak egiten ditu, gaur egungo arazoak konpontzen ez dituztenak; laburbilduz, beste behin agerian uzten du Osakidetzak ez daukala Lehen Arreta indartzeko borondaterik.

ELAk beti mantendu izan du egoera honi buelta emateko aukera bakarra mobilizazioa dela eta azkeneko urtetan gertatutakoak hori baieztatu besterik ez du egin. Osasungintza publikoaren eraispenak eta Osakidetzak bizi duen egoera larriak, berehalako ekintza sendoak eskatzen dituzte. Mobilizazioa beharrezkoa da egoera hau aldatzeko, horretarako tresna erabilgarri eta eraginkor bakarra den heinean.

ELAk osasungintza publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa aldarrikatzen jarraituko du.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.