2020-07-03 09:12
ELAren aburuz orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da osasun publikoa garatzea eta indartzea, osasun publiko indartsu bat behar dugulako, kalitatezko osasun-arreta eskaini ahal izateko, egunerokotasunean, eta baita etorkizunean bizi izan ditugun eta bizi ditugun egoerei aurre egiteko ere. Ondorioz, Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak uztailaren 4an Bilbon deitu duen elkarretaratzearekin bat egiten du.

Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak datorren uztailaren 4an Bilbon lehen arretaren aldeko elkarretaratzea egiteko egindako deialdiaren aurrean, ELAk honako hau adierazi nahi du:

1.- Urteetan zehar, ELAk salatu izan du osasun publikoa desegin egin dela eta Osakidetzan egoera larria bizi dela, azken urteetan aplikatutako murrizketa-politiken ondorio zuzena delarik: lanpostuen suntsiketa; gero eta plantilla urriagoak; behin-behinekotasunaren igoera (ia %40an dago); zerbitzuen pribatizazioa; bajak eta absentziak ez ordezkatzea; lanpostu hutsak ez betetzea; iruzurrezko aldi baterako kontratazioa; kargen areagotzea; osasun publikoko inbertsioa murriztea; erosteko ahalmenaren galera; baita garapren profesionalean egindak murrizketa barneratzen dituen murrizketa zuzenak.

Lehen arretari dagokionez, azaldutako guztiaz gain, ELAk oinarrizko bi arazo salatu izan ditu: batetik, Osakidetzak lehen arreta desegitearen aldeko apustua egin duela, eta ESIen egitura berriak asmo horretan sakontzen duela; eta, bestetik, epe laburrean lehen arretako medikuen falta gertatuko zela. Eskasia horri Osakidetzak bere langileei eskaini dien eta eskaintzen dien lan-prekarietatea gehitu behar zaio, eta horren ondorioz, profesional askok beren lan-etorkizuna beste toki batzuetara bideratzea erabaki dute.

Arazoak asko eta handiak dira: lan-kargak onartezinak dira; profesionalak ez dira ordezten; arreta jasotzeko itxaronaldia gero eta handiagoa da; profesionalek ez dagozkien funtzioak bete behar izaten dituzte; osasunean eta, bereziki, lehen arretan ez dago inbertsio nahikorik, eta abar luze bat.

Osakidetzak, ordea, egoera horri aurre egiteko neurriak hartu beharrean, laguntza-adabakiak jartzen jardun du. Adabaki horiek lortu duten gauza bakarra profesionalak gehiegi kargatzea eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia-kalitatea gero eta gehiago okertzea da.

2.- Testuinguru horretan, koronabirusaren egungo krisiak agerian utzi du zerbitzu publikoek eta, bereziki, osasun publikoak ongizate kolektiborako tresna gisa duten garrantzia, bizi-aseguru kolektibo gisa, eta, zalantzarik gabe, guztion ongia bermatzeko indartu eta garatu behar dugu.

Izan ere, plantillak ahalegin fisiko zein psikologiko handia egin duen arren, murrizketek, lan-baldintzen prekarizazioak, pribatizazioek eta osasun publikoaren desegiteak, azken urteotan, osasun-krisi honi eman zaion erantzuna oztopatu dute. Argi eta garbi esan dezakegu krisi honetan langileen ahalegina eta inplikazioa izan direla gure osasun-sistemaren gabeziak arintzea lortu dutenak, egunerokoan gertatzen den bezala.

3.- ELAren ustez, mobilizazioa da egoera hori iraultzeko aukera bakarra. Horren adibide dira lehen arretan iaz deitu genituen hiru greba-egunak, Lehen Arreta Arnasberritzen plataformarekin eta Osakidetzan ordezkaritza duten beste sindikatu batzuekin batera.

Mobilizazioari eutsi zitzaion heinean, Osakidetzak lehen arreta bihurtu zuen jarraian deitu zituen mahai sektorialen gai-zerrendako puntu bakarra. Hala ere, greba-egun berrien deialdirik ezak Osakidetzaren borondatea desagerrarazi zuen, lehen arreta mahai sektorialaren deialdi eta bilera gehienetatik desagertu baita. Egia esan, urrats gutxi batzuk baino ez dira eman, eta horiek ez dute, inola ere, osasun-zentroetan bizi den egoera nabarmen hobetu.

Hala, beste uda batez, lehen arreta bat dugu, udari hamarreneko plantillarekin aurre egiten diona (oso urria da egunerokoan ere), ordezkapen eta/edo estaldurarik ez dagoelako; langile batzuk akituta daude, koronavirusaren ondoriozko gainkargagatik; beharrezko errefortzurik gabe, egunerokotasunean ezinbestekoak badira, are gehiago bizi dugun egoera honetan; beraienak ez diren funtzioak bete behar dituzte; eta, horrela, etabar luze bat.

Ildo horretan, gogoratu nahi dugu Lehen Arreta Arnasberritzen Plataformak berak deitu zuela urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako greba orokorrarekin bat egitera. Greba horretan, besteak beste, zerbitzu publikoak garatu eta indartzeko beharrari heltzen zitzaion.

Eta, ildo horretan ere, joan den ostiralean, ekainaren 26an, Osakidetzan ordezkaritza duten beste sindikatu batzuekin batera, elkarretaratzeak deitu genituen hiru ospitaletan eta lehen arretako osasun-zentroetan, eta mobilizazio horiek jarraipen zabala izan zuten.

4.- Orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da osasun publikoa garatzea eta indartzea, osasun publiko indartsu bat behar dugulako, kalitatezko osasun-arreta eskaini ahal izateko, egunerokotasunean, eta baita etorkizunean bizi izan ditugun eta bizi ditugun egoerei aurre egiteko ere.

Ezinbestekoa da osasun-arloko politika publikoak errotik aldatzea: osasun publikoan inbertsioa handitu behar da, EBko batez bestekoarekin parekatuko diren aurrekontu-partidekin; ezinbestekoa da behin-behineko milaka langile finkatzea, gaur egun, Osakidetzako langileen ia % 40k aldi baterako kontratua baitu; beharrezkoa da, halaber, plantillak handitzea arreta egokia eskaintzeko eta lan-kargak arintzeko, egiturazko plantillan sartu behar dira lege-iruzurrean ezkutatutako enpleguak eta 2010az geroztik suntsitutako 5.000 lanpostu baino gehiago; ezinbestekoa da murrizketa guztiak lehengoratzea; langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak antolatu behar dira, bai koronabirusaren balizko berragertze baten aurrean, baita eguneroko lanean ere; ELAk urteak daramatza lanpostuen balorazioa eskatzen, arrisku biologikoak dakartzatenak bereziki kontuan hartuta; beharrezkoa lan baldintzen akordio berri bat negoziatzea; pribatizatutako zerbitzu guztiak publifikatu behr dira, egun dagoen enplegua mantenduz.

Aldarrikapen horiek gauzatzeko bidean, ELA sindikatutik dei egiten diegu Osakidetzako langileei eta herritarrei Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak larunbaterako deitu duen elkarretaratzearekin bat egiteko. Era berean, dei egiten dugu ELAk, bakarka edo beste sindikatu eta/edo eragile batzuekin batera, etorkizunean deitzen dituen mobilizazio guztien bat egin dezaten.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.