2020-04-22 16:58
Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako langileei koronabirusaren krisian egindako lanagatik eta inplikazioagatik saria emango ziela iragarri zuen, eta, horren harira, ELAk erantzun du Osakidetzako langileek azken urteetan jasandako murrizketak lehengoratu behar dituztela, eta sektorean enplegua sendotu. ELAk, gainera, sari gehigarririk onartzekotan, azpikontratatutako langile guztiak kontuan hartzea eskatu du.

Pandemia horretan, Osakidetzako langileak, propioak zein azpikontratatuak, salbuespenezko baldintzetan ari dira lanean. Lan-karga onartezinak dituzte, gainkarga fisiko zein psikologikoarekin. Eta horri aurre egin behar diote babes-neurri falta nabarmenarekin; kutsatzeak eragindako bajek murriztutako ekipoekin; gutxieneko prestakuntzarik eskaintzen ez zaien esperientziarik gabeko langileek osatutako lantaldeekin, kasu horietan horren pisua lankideen gai erortzen delarik.

Hori gutxi balitz, lan-eskubideetan murrizketa zuzena jasan dute eta jasaten ari dira langileak: oporrak, baimenak eta kontziliazio neurriak bertan behera geratu dira; langileak unitatez, zerbitzuz edota lantokiz aldatu dituzte; funtzioak aldatu zaizkie; beren karteldegia eta lan-egutegia aldatu zaizkie. Eta horrela, etabar luze bat.

ELAren ustez, argi dago deskribatutako guztiak aintzatespena merezi duela. Hori dela eta, apirilaren 17an, eskaera batzuk publiko egin genituen, besteak beste: ordainsari berezi bat, hilabeteko soldataren baliokidea; aldi horretan lan egindako denboraren balio bikoitza; norberaren aukerako 5 egun libre gehiago; eta langile egoiliarrei ordainsaria, hartutako erantzukizunaren arabera. Eta hori egindako ahalegina eta krisian zehar uko egindako eskubideak konpentsatzeko helburuarekin.

Baina krisi honetan bizi izan dugunaren ondoren, ezin gara konpentsazio zehatz batean geratu. Baloratu beharreko kontua izanik, konpentsazio horrek ezin du bigarren mailan utzi langileek egunerokotasunean bizi duten benetako arazoa, zalantzarik gabe, osasun-krisi horri emandako erantzuna zaildu egin duena: baliabide nahikoak eta egokiak behar dira osasun-zerbitzua egunero bermatzeko eta, horretarako, langileak aintzatetsi behar dira, azken urteetan jasan dituzten murrizketak lehengoratuz eta haien lan-baldintzak hobetuz eta enplegua finkatuz.

Horretarako, ezinbestekoa da gainerako neurriak hartzea, publiko egindako eskaera horietan jasotzen genituenak:

  • Ezinbestekoa da behin-behineko milaka langile finkatzea. Gaur egun, Osakidetzako langileen ia %40k aldi baterako kontratua dute. Kasurik onenean, krisiaren ondoren, aldi baterako kontratatuta jarraituko dute, baina asko langabeziara joango dira, aldi baterako kontratua berritu ez zaielako.
  • Beharrezkoa da, halaber, plantillak handitzea, arreta egokia eskaintzeko eta lan-kargak arintzeko. Egiturazko plantillan sartu behar dira lege-iruzurrean ezkutatutako enpleguak eta 2010etik suntsitutako 5.000 lanpostu baino gehiago.
  • 2012tik egin ez diren deialdien garapen profesionala aitortu eta ordaindu behar da, dagozkion atzerakinekin. Eta, era berean, eredu berri bat jarri behar da martxan, berdintasunean eta irizpide objektiboetan oinarritzen dena. Era berean, eskatzen dugu garapen profesionaleko IV. maila aitortzea krisialdian lan egin duten langile guztiei.
  • Azken hamarkadan galdutako erosahalmen guztia berreskuratu behar da. Baita erretiro primak ere.
  • ELAk urteak daramatza lanpostuen balorazioa eskatzen, arrisku biologikoengatik bereziki arriskutsuak direnak kontuan hartuta.
  • Pribatizatutako zerbitzuak ere publiko egin behar dira.                                     

Datozen hilabeteetan ikusiko dugu Eusko Jaurlaritzak osasun publikoa balioztatzeko benetako borondatea duen edo, besterik gabe, makillaje-ariketa bat martxan jarri nahi duen, langileen lan-baldintzetan eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan eragin zuzena daukaten sakoneko arazoak ikusezin bihurtzeko helburuarekin. ELAk arazo horiei aurre egiteko borrokari ekingo dio

 

                                                                         

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.