2020-04-18 11:54
Osasun-krisi hau hasi zenetik, Osakidetzako langileek ez dute babes-material egoki eta nahikorik izan, eta ELAtik behin eta berriz salatu dugu eskasia hori. Horri gehitzen zaio, orain, langileek ffp2 maskara akastunak erabili dituztela, beraien segurtasuna eta osasuna arriskuan jarriz.

Jakin izan dugu Garry Galaxy maskarilak erretiratzea agindu dela, berde-koloreko bilgarrian datozenak, eta orain arte ffp2 babes gisa erabili izan direnak. Eta hori, indarrean dagoen araudia betetzen ez dutela eta babesmaila askoz txikiagoa ematen dutela jakin ondoren.

Osakidetzako zentro askotan dagoeneko biltegietatik kentzeko agindua eman da.

Onartezina da profesionalen osasunarekin horrela jokatzea eta segurtasun-eskakizunak betetzen ez dituen materialarekin lan egitera behartzea. Maskarila horiek kutsatzeko arrisku handia duten prozeduretan erabili dira, eta, gainera, material gutxi dagoenez, eta zuzendaritzen aginduz, astebetez edo gehiagoz berrerabili dira.

Positibo guztien %18ra iritsi da Osakidetzako langileen kutsatze maila. Zenbat profesional gehiago kutsatu behar dira koronabirusaz Osakidetzak bere langileen segurtasuna eta osasuna serio har ditzala.

Osakidetzari exijitzen diogu:

  • Berehala bete dezala Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren autoa, ELAk jarritako errekurtso batean emandakoa, zeinak eskatzen baitio langileei berehala eta presaz babes material nahikoa eta egokia emateko.
  • Lan-osasunak maskara akastunak erabili dituzten langileen berehalako jarraipena egitea, horiek isolatzea eta PCR bat egitea.
  • Halaber, pertsona horiekin lan egin duten lankideen jarraipena egitea, baldin eta, azkenean, PCR positiboa bada.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.