2019-06-28 10:56
ELAko Osakidetzako arduradun Esther Saavedrak sindikatuak kalitateko osasun-sistema publikoaren alde egiten duen lana nabarmendu du Landeia aldizkarian egindako elkarrizketa honetan.

ELAk sententzia bat irabazi du Osakidetza behartzen duena 2011n atera zituen garapen profesionaleko deialdiak ebaztera, alde bakarrez eten zituenak, eta dagokion soldata-osagarriak ordaintzera; 130 milioi bat euro. Noiz kobratuko da osagarri hori?

Osakidetzak, alde bakarrez, garapen profesionaleko deialdiak eten zituenetik, ELAk bide bikoitz bat hasi zuen: sindikala, mobilizazioekin, eta juridikoa. Zegoen garapen profesionaleko eredua gurea ez bazen ere, bide juridikoa agortu zuen sindikatu bakarra izan ginen, eta, azkenean, aldeko sententzia bat lortu genuen. Arrakasta juridiko oso garrantzitsua izan da: 11.000 langile ingururi eragiten die, 130 milioi euro inguru jasoko baitituzte. Galderara bertara itzulita, Osakidetzak baieztatu du urte bukaera baino lehen ordainduko duela. Ez badu ordaintzen, epaitegiari sententzia berehala gauzatzeko eskatuko diogu. Osakidetzak bide juridikoa bururaino eraman du, eta, bere garaian, uko egin zion epekako egutegi bat negoziatzeari. Sententzia bat dago, eta bete egin behar dute.

Esan duzu Osakidetzak bere plantillarekin duen zor osoaren zati bat baino ez dela, eta borrokan jarraituko duzuela...

Araudiak urteroko deialdiez dihardu, eta 2011tik ez da izan bat bera ere. Aurkeztu ahal izan ez duten 25.000 langile inguru egon daitezkeela kalkulatzen dugu; beraz, ez dira osagarririk kobratzen ari, eta maila handiago bat eskuratu zezaketen. Bide juridikoari ekin diogu, eta banakako 1.000 erreklamazio ditugu prest. Bide bikoitz batean jarraituko dugu lanean: mobilizazioena eta juridikoa, osagarriak baitira.

Alde horretatik, sindikatuko zerbitzu juridikoek egin duten lan bikaina nabarmendu nahiko nuke; harro egoteko modukoa da.

Frogatu da garapen profesionaleko deialdiak etetea murrizketa estali bat dela; gainera, soldata-eskala bikoitzak sortu ditu…

Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia honek plantillari aplikatutako murrizketa askoren arteko bat konpondu du; azken urteetan erosahalmenaren % 21 galdu dela dio. Enplegua suntsitzea, murrizketak ABEan eta aldez aurreko erretiratze primetan, pribatizazioak… Gure lan-baldintzei egindako erasoa izugarria izan da.

Eta nabarmendu egin da, gainera, gure agintariek Madrilekoak baino are murriztaileagoak diren politikak aplikatzeko borondatea dutela. Gogorarazi nahi dugu garapen profesionaleko lehen eskaerak adierazten zuela 2015etik aurrera Osakidetzak zorpetutako kopuruak ordaintzeko etena altxa zezakeela, eta ez zuen egin. Oso garrantzitsua da salatzea Osakidetzak soldata-eskala bikoitz bat sortu duela, garapen profesionalerako sarbidea duten eta kobratzen dutenen eta meritu berberak izanda ere kobratzen ez dutenen artean. Diskriminazio onartezina sortu dute, eta lehenbailehen konpontzeko eskatzen dugu.

Paradoxikoa da garapen profesionaleko eredu horren kontra egonda ere ELA izan dela betetzeko bermea.

Egungo garapen profesionaleko eredua ez da irizpide objektiboetan oinarritzen, diskriminatzailea da. Alde horretatik, garapen profesionaleko eredu berri bat negoziatzea aldarrikatzen dugu. Hori ez da oztopo. Bere garaian deialdiak etetea plantillari kalte egiten zion murrizketa estali bat zela baloratu genuen; beraz, etena errekurritzea erabaki genuen. ELA langileen eskubideak aldezteko dago, beste gauzen gainetik.

Osasuna negozio-esparru bihurtzen denean, txarto...

Hala da. Lehenik, Osakidetzako plantillak galtzen du, baita herritar guztiek ere. Euskal osasun-sistema publikoaren kalitatea gero eta okerragoa da, eta langileak muga-mugan daude, askotan. Duela urte batzuk kanpaina bat abiarazi genuen, Osakidetzan 5.000 lanpostu berri sortzeko eskatuz, eta ez da hala izan, eta, gainera, 3.000 lanpostu suntsitu dira. Behin-behinekotasuna % 40 da. Horrek denak isla du zerbitzuaren kalitatean, zalantzarik gabe.

Lehen mailako arreta lehertu egin da. Hiru greba-egun dira, parte-hartze oso handikoak. Zer ari da gertatzen?

ELA 2007tik ari da salatzen lehen mailako arreta desegiten ari direla, hain zuzen ere herritarrak zahartzen ari diren eta kronikotasuna eta menpekotasuna handitzen ari den garaian. Osakidetzak ospitaleko arretaren alde egin duen apustuak ekarri du anbulatorioetan bai baliabide ekonomikoak eta bai giza baliabideak izugarri murriztea, eta horrek esan nahi du lanak guztiz gainditutako plantilla errakitikoak daudela. Gainera, are larriago, baja medikoak ez direla betetzen, askotan ez dagoelako profesionalik. Horrek dakar profesionalek beren kupoa zein bete ez den langileena bere egin behar izatea, erizainek ez dagozkien lanak egin behar izatea, administrazioa gainezka… 

Zerbitzuen kalitateak eutsi egin dio orain arte, profesionalen ahaleginari eta konpromisoari esker, baina ez badira neurriak berehala hartzen lehen mailako arretan, gure osasunak okerrera egingo du.

Zein da ELAren alternatiba?

Plantillak egonkortzea, langile gehiago, zereginak zehaztea eta lehen mailako arretako beste eredu bat, osasuna sustatzearen eta prebentzioaren aldeko apustua egingo dutena. Gure osasun-zentroetako egoerari heltzen diogunean, nabarmendu behar da familia-mediku gehiago behar direla. Askotan aldarrikatu dugu Osakidetzak BAMEen kupoen gaiari heltzea, edo, bestela, martxan jartzea prestakuntza propio bat, falta diren espezialitateetako profesionalak izan ditzagun.

Lehen mailako arretaren arazoa ez da konpontzen gutxi batzuei ordainsariak handituz; hain zuzen ere, horrela itxi ohi ditu gezurrez Osakidetzak gatazkak. Eta aurreikustekoa da udan egoera okertzea. Osakidetzak proposatzen duen konponbidea da anbulatorioetako arreta-ordutegia mugatzea, eta pazienteak ospitaleetara bideratzea. Hau da, arazoa lekualdatzea, baina ez konpontzea.

Hiru lanuzte- eta mobilizazio-egunek parte-hartze oso handia izan dute; profesional guztiak daude borrokan sartuta. Ideia da mobilizazioekin jarraitzea, Osakidetza mugi dadin bide bakarra baita.

Euskadiko Fiskaltza Osakidetzaren azken LEPa ikertzen ari da, besteak beste ELAk eskatuta, iruzur-zantzuak daude-eta hainbat mediku-kategoriatako azterketetan. Zertan dago prozesu hori?

Hasieratik, ELAk ikerketa azkar, zorrotz eta independente bat eskatu zuen, eta mediku-kategorien hautatze-prozesua eteteko. Era berean, salaketa bat jarri genuen Euskadiko Fiskaltzan, gertatutakoa iker zedin eskatzeko, erantzukizun politiko eta penalak ezartzeko. ELAk urteak darama salatzen iruzurrezko sistema bat dagoela medikuak kontratatzearen atzean. Hainbat azterketatan gertatutakoa ez da gertakari bakan bat, baizik eta sistema ustel baten beste erakusgarri bat, zeinen buru hainbat zerbitzuburu dauden. Sistema horrek jarraitzen badu, ezer gutxi aldatuko da.

Osakidetza alde kaltetu gisa bertaratzeko eskatzen ari da, baina iruzurraren alde aktibo dira. Fiskaltzaren txostenak baieztatzen zuen Osakidetzak zuzenean esku hartu duela filtrazioetan…

Osakidetzaren jarrera sumingarria da. Uko egin diote ikerketa serio bat egiteari eta gertatutakoagatik erantzukizunak ezartzeari, eta, gainera, alde kaltetu gisa bertaratu nahi dute… Errealitatea da pare bat pertsona joan direla giza baliabideen sailetik, LEPetik bereizi direla, eta Jon Darpón kontseilariak berandu eta gaizki dimititu zuela, guztiari uko eginez. Karguan Nekane Murgak ordezkatu du; aurpegi-aldaketa, baina ez funtsekoa, ez sistemarena ez politikarena. Ez da lehen aldia Osakidetzako LEP bat iruzur-kasuek zikintzen dutena; horrek, gainera, kalte izugarria egiten dio administrazio publiko osoari.

ELAk Osakidetzan duen beste koska bat pribatizazioen aurkakoa da.

Osakidetzak urteak darama lehen publikoak ziren zerbitzuez gabetzen; sukaldea eta mantentzea, besteak beste. Horrek ez du inola ere aurreztea ekarri, baina bai zerbitzuaren kalitatea okertzea. Pribatizazioen aurkako borroka etengabea da gure ekintza sindikalean, arrakasta gehiagoz edo gutxiagoz. Urdulizko Ospitale berrian, sukaldea azpikontratatzea geratzea lortu dugu, mobilizazioei esker. Txagorritxun ere gelditzea lortu dugu, orain arte, mantentze-zerbitzua pribatizatzeko saiakera. Eibarren, sukaldeko lan batzuk pribatizatzeko saiakeren kontra ari gara borrokan.

Orain pribatizazio estalien formula berri baten aurrean gaude, Donostiako Onkologikokoa kasurako. Orain gutxi arte, zentro pribatu horrek —Kutxarena da— hitzarmen bat zuen Osakidetzarekin, baina, hemendik aurrera, publiko bihurtu beharrean, Osakidetzak jardueraren zati bat finantzatuko du. Kutxa zerbitzu errentagarriekin geratuko da, eta Osakidetzak diru publikoa emango die defizitarioei. Interferentzia argi bat dago publikoaren eta pribatuaren artean, ahaztu gabe sistema horrekin zalantzan jartzen dela osasun-zerbitzu publikoen eta bitarteko publikoen kalitatea.

Eta testuinguru horretan, hilabete batzuk barru hauteskunde sindikalak izango dira. Lehenak esparru berriekin. Zer espero du ELAk hitzordu horretaz?

Hauteskunde oso garrantzitsuak dira, sektoreak duen egoerak markatuak, eta hauteskunde-esparru berrien ziurgabetasunarekin, hiru Erakunde Sanitario Integratuekin bat egiten dutenak: lehen mailako arreta, arreta espezializatua eta enpresa-batzordeak. Uste dut ELAk jarduera sindikal eskerga egin duela, eta garaipen oso garrantzitsuak lortu dituela; garapen profesionala, pribatizazioen kontrako borroka… Proposamenak egin ditugu, zabaldu egin ditugu, anbulatorioan bertan egon gara, ospitalean, okerren daudenekin... Ziur nago lan honek emaitzak emango dituela.

Gure mezua, gainera, oso ahaltsua da: Sektore horretan sindikatu korporatiboek indar handia eduki dute historikoki, eta ELAk klase-sindikatu baten beharra aldezten du, denona, kategoria profesionala edozein izanda ere. ELAk aldezten duen osasun publikoko ereduan lan-kolektibo guztiak dira beharrezkoak eta uste dut lehen mailako arretaren gatazka adibide garbia dela taldean lan egiten ez bada zerbitzua ahulduz joango dela. ELAk konplexurik gabe aldezten ditu kolektibo guztiak eta kalitatezko osasun sistema baten etorkizuna.

Sindikatu korporatiboak minbizia dira sistemarentzat. Borroka asko desaktibatzen ikusi ditugu Osakidetzak medikuei eta erizainei onura egitea erabaki duelako, besteen kaltetan. Nahikoa da, banaketa interesaturik ez.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.