2020-10-28 18:17
Osakidetzako Arabako langileek 24 orduko greba egingo dute, urriaren 29an SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok deituta. Pandemiaren olatu berri honetan, salatu nahi dute Osasun Sailak ez duela inolako pausorik eman Osakidetzaren egiturazko gabezia larriak konpontzeko. Egiturazko eta sakoneko arazoak dituzte aurrean, urrutitik datozenak. Baina Osakidetzak azken urteotan ez du izan horiek konpontzeko inolako borondaterik.

Irakurri sindikatuen agiria:

Lan Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak, ohi bezela, gehiegizkoak diren arren eta langile askori grebarako eskubidea egikaritzea eragotziko zaien arren, agerian uzten duten plantillak egunerokotasunean jasaten duen prekaritatea. Herritarrei, egun bakar batean, funtsezko osasun-arreta eskaintzeko ezinbestekoa den gutxienekoa (gogora dezagun greba-egun bakar baten aurrean gaudela) zerbitzu askok %100ean eta beste askok %50ean lan egin behar izatea bada, agerikoa da ohiko plantillak ez duela dimentsio egokia eta, kasu askotan, urte osoan gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dela.

Pandemiaren olatu berri honetan, salatu nahi dugu Osasun Sailak ez duela inolako pausorik eman Osakidetzaren egiturazko gabezia larriak konpontzeko. Egiturazko eta sakoneko arazoak ditugu aurrean, urrutitik datozenak. Baina Osakidetzak azken urteotan ez du izan horiek konpontzeko inolako borondaterik.

Gabezia larri horiek, zalantzarik gabe, larriagotu egin dira egungo osasun-krisiaren ondorioz, eta Osakidetzak ez ditu martxan jarri haunditzen doan osasun-presioari aurre egiteko beharrezko errefortzuak. Lehen Arreta erabat gainezka dago, eta ospitaleetan, lehen olatuari baliabide nahikorik gabe aurre egin izan ondoren, langileak nekatuta daude eta ikusten dute presioa handitzen ari dela eta ez daukatela baliabide gehiagorik; izan ere, dituzten baliabide horiek, egunerokotasunean, lan-gainkarga sistematikoa eragiten dute. Osasuna funtsezko ardatza da egungo egoerari aurre egiteko, baina, zoritxarrez, abian jarritako neurrien artean ez dago hura indartzea eta haren gabezia larriak konpontzea.

Bizi dugun osasun-krisiak agerian utzi du premiazkoa dela osasun publikoa lehentasun bihurtzea: Osasun sendoa eta giza baliabide eta baliabide material nahikoak izatea ezinbestekoa da ongizate kolektiborako; egiturazko gabeziek, pertsonen ongizatean ez ezik, gure garapen soziala baldintzatzen dute, baita ekonomikoa ere.

Hala ere, eta errealitate hori inoiz baino nabarmenagoa bada ere, Eusko Jaurlaritzak ez du ez elkarrizketarik ez negoziaziorik abian jarri premiazko eta berehalako neurriak abian jartzeko. Osasun Sailak ez du neurri bakar bat ere jarri mahai gainean. Mahai Sektorialeko kide diren sindikatuekin Sailburu berria aurkezteko aldebiko protokolo-bilera egiteaz gain, ez da beste harremanik izan. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da, premiazkoa baita konponbideak abian jartzea.

Egoeraren larritasuna eta irtenbiderik eza ikusita, joan den urriaren 14an SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok hiru greba egun deitu genituen Osakidetzan: urriaren 29an Araban, azaroaren 5ean Gipuzkoan eta azaroaren 12an Bizkaian. Bihar, beraz, Arabako langileak grebaren lehen egunean parte hartzera deituta daude. Deialdi horri elkartasuna adierazteko eta zentroetan bizi den egoera larria salatzeko, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetako, osasun-zentroetako eta osasun mentaleko sareko langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur zentruen atarian.
Bihar, grebaren dinamikaren barruan, dei egiten diegu langileei eta herritarrei goizeko 11etan Osakidezak Araban dituen zentru guztietako atarian egingo ditugun elkarretaratzeekin bat egiteko. Halaber, pandemiaren egoera ikusita, hasiera batean Gasteizko kaleetan ere manifestazioa egitea aurreikusita bazegoen ere, mobilizazioak egungo egoerari egokitzea eta, azkenik, manifestazioa ez egitea erabaki dugu.
Osasun Sailari dei egiten diogu behingoz negoziazioari ekin diezaion eta mahai gainean jar ditzan osasun-sistema publikoaren egiturazko arazoak konponduko dituzten premiazko eta sakoneko neurriak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.