2018-12-14 12:23
Orain dela hilabete bat Darpón Sailburuak aurkeztutako txostenak medikuen hautaketan dagoen bidegabekeria instituzionalizatu egiten du. Ildo beretik, ez ditu benetazko neurriak jasotzen EPEak gardenak eta berdintasunezkoak izan daitezen.

Azkeneko EPEan gertatutakoaren aurrean, Darpón Sailburuak txosten bat aurkeztu zuen orain dela hilabete bat Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Bere esanetan, helburu argia du proposamenak: hautaketa sisteman aldaketak egitea EPE honetan gertatu diren irregulartasun larriak errepikatu ez daitezen.

Txostena sakon aztertu eta gero, ordea, zera odorioztatu daiteke: bere helburu bakarra gaur egungo ustelkeriari egitura juridiko ematea dela. Azken helburua jarduera hauek legitimatzea eta legeztatzea da, enplegu publikoaren oinarri izan behar duten printzipioak baztertuz: berdintasuna, meritua eta gaitasuna.

Planteamendu honen aurrean, ELAtik txosten bat landu dugu eduki hau aztertuz, Legebiltzarrean ordezkaritza daukaten alderdi politikoekin bildu eta hausnarketa egiteko helburuaz.

Osakidetzak egindako proposamena 7 puntu nagusitan oinarritzen da:

1.- Zuzendutako txosten partzial bat da hau, hiru arrazoiengatik:

  • Egilea, Rafael Jiménez Asensio Jn, enpresa baten jabea da, zehazki, Estudio Sector Público SLPU izenekoaren jabea. Bada, txostenaren enkargua enpresa honi egiten zaio. Bere web orrialdean sartu besterik ez dugu egin behar 2017tik aurrera Enplegu Publikoan sartzeko programa bat bultzatzen duela ikusteko. Honen helburua da oposiziogileak prestatzea Administrazio Publikoan edota sektore publikoan lanean has daitezen. Txostenean planteatzen diren proposamenak egileak berak bere enpresan eskaintzen dituen zerbitzuetan oinarritzen dira, eta horiek hartzen ditu erreferentzia bezala. Beste era batera esanda, egileak interes zuzena dauka proposatzen eta aztertzen ari den edukian.

  • Txostenaren helburua ez da hautaketa eredu berri bat egituratzea aukera berdintasuna, gardentasuna eta inpartzialtasuna bermatzea, eta azkeneko EPEan gertatutako irregulartasun larriak saihesteko. Txostenak berak esaten du Osakidetzak EPE honen aurretik ezarritako helburu estrategiko bati erantzuten diola. Helburu hori EPE prozesuak birformulatzea da. Hau da, gertatutakoa aprobetxatu egiten da aurretik planifikatutako zerbait mahai gainean jartzeko, mediku espezialisten hautaketa sistema ustelarekin amaitzea ez den beste helburu bat bilatzen duena.

  • Txostena egiteko, egileak, Osakidetzak emandako informazioa baino ez du bildu. Ez du beste eragileekin ezer partekatu, bakarrik mediku espezialisten hautaketa sistema ustela onartu, indarrean mantendu duen Administraziotik berberatik, hain zuzen ere. Argi dago txostena ikuspuntu partzial batetik egiten dela.

2.- Berehalako sistema bat planteatzen du, urtetan zehar Osakidetzan laean ibili diren profesional askoren kaleratzea suposatuko lukeena: azterketa baztertzaile zorrotzak eta gogorrak planteatzen ditu, eta Osakidetzan denbora luzean ibili diren langileek lortutako esperientzia merituak baloratzearen kontra agertzen da. Osakidetzan lortutako meritua eta esperientzia gutxiesten dira txostenean.

Baina ez da kontrol neurririk proposatzen azterketen filtrazioak eta zerbitzu buruek gaur egun egiten dituzten zuzeneko hautaketak saihesteko. Hori gutxi balitz, gaitegi komuna atera nahi du azterketetatik eta ikastaroengatik ordeztu (txostena egiten duen enpresak eskaintzen dituen bezalako ikastaroengatik).

3.- Kontrolatzeko zailak diren froga arbitrarioak proposatzen dira: etorkizunean test azterketak ezabatzea eta froga psikoteknikoak egitea proposatzen du, lan edo proiektuen balorazioa edota jarrera elkarrizketa konduktualak egitea. Argi dago froga hauek askoz subjektiboagoak direla eta kontrolatzeko zailagoak. Hortaz, arbitrarietatea eta subjektibitatea indartzen dira.

4.- Ad hoc hautaketa prozesuak planteatzen dira Osakidetzak aukeratu eta bereizten dituen lanpostuak betetzeko, aukeraketa horren gaineko kontrolik gabe: prozesu hauek Osakidetzatik kanpo profil oso konkretuak bilatzeko planteatzen dira. Hauetan, ez dira azterketak edo frogak egingo, bakarrik kurrikulumaren meritu batzuen balorazioa, ia zuzeneko hautaketa bat eginez.

5.- EPEak ezabatu nahi ditu eta modu iraunkorrean irekita dauden hautaketa sistemak planteatzen ditu: hasiera batean neurri aproposaren itxura badauka ere, berehala agertzen da kontrolak saihesteko sistema bat. ESI bakoitzak hautaketa egin dezala era deszentralizatu batean planteatzen da. Hau da, zerbitzu buru bakoitzari boterea ematen zaio egiteko edo ez egiteko bere behar eta nahien arabera Osakidetzaren prozesu zentralizatu bat egon gabe. Hain da larria planteamendua proposatu egiten dela oposiziogile baten merituen zenbaketa bere arduradunak egiten duen balorazioaren baitan geratzeko aukera. Argi dago zerbitzu buruei botere gehiago ematen zaiela kontrol gutxiagorekin.

6.- Hautaketa agentzia baten sorrera planteatzen du eta baita epaimahaikideen profesionalizazioa ere. Epaimahaikide izateko trebakuntza egin beharra planteatzen du. Horrek praktikan dakar paper hori hartu dezaketen pertsonen kopurua asko gutxitutzea, gutxi batzuen esku geratuz. Bestalde, hautaketa agentzia baten sorrera planteatzen du. Horrek ere lan hori gutxi batzuen eskuetan uztea suposatzen du. Horrela boterearen zentralizazioa eta epaimahaien independentzia eza indartzen da.

7.- Sindikatuon parte hartzea mugatzea planteatzen du negoziazio kolektiboko eskubidea eta askatasun sindikala larriki erasotuz: enplegu publikorako sarrera sistemak, irizpideak, organoak eta prozedurak negoziazio kolektibotik ateratzea proposatzen du; baita paraleloki Osakidetzaren zuzendaritza boterea idartzea ere.

Guzti hau ikusita, argi dago arbitrarietatean eta kontrol ezan oinarritutako sistema bat planteatzen dela, enplegu publikorako sarrera zuzendu behar duten printzipioak urratuz eta alde batera utziz. Horren helburua da mediku espezialisten hautaketan dagoen ustelkeria mantentzea eta legalizatzea.

Esan bezala, Legebiltzarrean ordezkaritza daukaten alderdi politikoekin bilera erronda bat egingo dugu, ulertzen baitugu ez dagoela sistema honekin bukatzeko asmorik, kontrakoa baizik.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.