2020-06-18 18:16
Mahai Sektorialeko gaurko bileran egiaztatu dugu, beste behin ere, Osakidetzaren borondatea dela murrizketak egiten jarraitzea; eta negoziazio-mahai sektoriala edukiz husteko eta bere erabaki guzti-guztiak inposatzeko borondatea erakutsi du.

Osakidetzak Lehen Arretarako deseskalada plana eta udako plangintza aurkeztu ditu. Eta esan dezakegu irtenbidea betikoa dela, arreta-murrizketarena, ordutegien murrizketarena eta Lehen Arreta ez indartzearena; eta horrek berekin dakarrela langileen gainkarga sistematikoa, bai modu arruntean, bai pandemiaren ondorioz bizi izan dugun egoera larrian.

Dokumentuak arreta-eredu berri batera joateaz hitz egiten du. Hala ere, eredu berri hori ezin da izan  arreta-murrizketen bidea egitearena, arreta-kalitate gutxiago eta langileentzako lan-baldintza txarragoak eskaintzen dituen Lehen Arreta eredu batera joateko. Koronabirusa ezin da bihurtu osasun publikoa desegiten jarraitzeko aitzakia.

Koronabirusak eragindako egoera gorabehera, beste behin, udan, langileen eskasiaren alternatiba gisa, zentroak ixtea (Zumarragako EAG adibide gisa) eta Lehen Arretako zentroetako arreta-ordutegia murriztea planteatu da. Horren ondorioz, ohikoa denez, beste arreta-maila batzuk gainkargatzen dira, hala nola ospitaleko larrialdiak eta EAGak. Gainera, askotan, osasun-zentroetako langileei EAGak beren ohiko lanalditik kanpo indartzeko eskatzen zaie, eta horrek, zalantzarik gabe, gainkarga hori eragiten du.

Horri gehitzen zaio telefono bidezko edo bideokonferentzia bidezko kontsulta lehenetsiko dela, eta horrek profesionalen lana zailtzen duela, gainkargatzen dituela eta eten digital handiena jasaten duten eremu edo kolektiboak egoera larrian jartzen dituela kalitatezko osasun-arreta jasotzeari begira.

Lehen Arretak bizi duen egoera kritikorako irtenbidea, krisi honekin larriagotu egin dena, hori modu estrukturalean indartzea da, hau da, giza baliabideetan eta baliabide materialetan gehiago inbertitzea. Osakidetzaren gaitz handienetako bat bere plantillaren dimentsioa da: hori handitu, indartu eta egonkortzeko beharra dago. Eta hori arreta-maila guztietan, ez bakarrik Lehen Arretan. Gainera, egoera honetan, arreta-murrizketak ez dira pandemiaren balizko berragerpenerako prest egoteko modua.

Ildo horretan, gaurko bileran, Osakidetzak Lehen Arretarako 110 lanposturekin plantilla handitzeko espedientea onartu du: 58 erizain; 6 erizain komunitario; 18 fisioterapeuta; 5 farmazialari; 23 administrari laguntzaile.

Propagandatik haratago, lehenik eta behin, esan behar dugu aurtengo urtarrilean eman zela plaza horien sorreraren berri, eta beraz, ez gaudela planteamendu berri baten aurrean.

Egindako proposamena, ez da nahikoa, are gehiago kontuan hartzen badugu gaur egun lanean ari diren profesionalak egonkortzea ahalbidetuko duela praktikan, baina ez duela ekarriko langile gehiago egotea benetako langileen kopuru osoan.

Gaur egun, Osakidetzan 5.000 behin-behineko langile baino gehiago daude egiturazko-plaza bati atxikita ez daudenak, eta horiek zerbitzuak eskaintzen dituzte ohikotasunez eta egituraz, haien lana ezinbestekoa baita. Nahikoa da zifra hori gaur egindako planteamenduarekin alderatzea, proposamena guztiz eskasa dela ondorioztatzeko. Beharrezkoa da, gutxienez, 5.000 lanpostu berri sortzea Osakidetzako plantillan.

Lehen Arretaren egoera zehatzari dagokionez, ezinbestekoa da hura indartzea, eta, horren barruan, kategoria guztiak indartzea, lan-gainkarga sistematikoa baitago. Gaur egindako planteamenduan, ez da aurreikusten mediku-plaza bakar bat, eta kategoria hori ere sistematikoki gainkargatuta dago.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.