2019-11-26 16:54
“Gure herrian enplegu publikoak bizi duen egoera oso larria da”. Hala definitu du ELAk Osakidetzak bizi duen egoera, azken horrek 1067 plazako EPEa iragarri eta gero. Izan ere, gure sektore publikoak Estatuko behin-behinekotasun tasarik altuena du, %40koa, hain zuzen ere. “Osakidetza ez da uharte bat, eta bertako langileek ere aldi baterakotasun tasa altua jasaten dute, %40tik gorakoa. Horrek esan nahi du 15.000 langilek baino gehiagok lan egiten dutela Osakidetzan egunero aldi baterako kontratu batekin. EPE askoz masiboagoak behar ditugu”, baieztatu du sindikatuak.

ELAren ustez agerikoa da salbuespenezko egoera batean murgildurik gaudela, eta horrek ere salbuespenezko neurriak eskatzen dituela, kalitatezko enplegu publiko egonkorra bermatzeko.

“Hala ere, Osakidetzak Mahai Sektorialean iragarritako EPEak, propaganda-ekitaldi bat izateaz harago, ez du gaur egun dauden behin-behinekotasunarekin eta prekaritatearekin amaituko. Gaur iragarritako 1056 plazak ez dira, argi eta garbi, nahikoak”.

Sindikatuak azpimarratu duenez, Osakidetzak dioenaren kontrara, egungo legeriak askoz plaza gehiago eskaintzeko aukera ematen du. “Madrildik ezarritako mugak, beste behin ere, aitzakia baino ez dira enplegu publikoaren prekarizazio- eta suntsitze-politikekin jarraitzeko”, kexu dira.

ELAren ustez, premiazkoa da hautaketa-prozesuak bultzatzea, egungo aldi baterako enplegua sendotzea ahalbidetuko dutenak, eta baita mekanismoak artikulatzea ere, egoera hori berriro gerta ez dadin.“Osakidetzak darabilen eredu berriak egungo prekarietatean sakontzen du”.

EPEaz gain, Sektore Mahaiaren bileran, Osakidetzak lanpostu funtzionalak arautzen dituen dekretua aldatzea planteatu du; Osakidetzako lanpostuak, kategoriak, eskakizunak eta enplegurako sarbideak arautzen dituen araua. “Gaurko egunean planteatutako aldaketarekin, Osakidetzaren asmoa da dekretuaren aldaketa askoz ere malguagoa izatea eta kontrol neurri gutxiagorekin egitea, halako arauak onartzeko legeak ezartzen duen prozedura saihestu nahian. Horiek horrela, Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren esku utziko du edozein aldaketa egitea, orain arte aldaketak onartzea Gobernu Kontseiluari zegokion. Beraz, gardentasun eta berme gutxiagoko planteamendu baten aurrean gaude”.

ELAk azpimarratu du aurreko lan-eskaintza publikoan gertatutakoak agerian utzi duela beharrezkoa dela kontrol-neurri handiagoak ezartzea eta sistema bermatzaileagoa ezartzea Osakidetzan. Hala ere, gaurko egunean egindako planteamenduak kontrako norabidean doazela azpimarratu du. Horren aurrean, enplegu publiko eta kalitatezko baten aldeko apustua egitea eskatu dio Osakidetzari, beti ere, gardentasuna eta aukera-berdintasuna oinarri hartuz.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.