2020-12-02 16:59
ELAk hilabeteak daramatza salatzen pandemia bera, eta horren ondorioz sortu den nahaste-egoera, aitzakia ezin hobea izaten ari direla Osakidetzarentzat eskaintzen duen osasun arretan murrizketak aplikatzeko. Osasun Sailak duela asko aurreikusitako neurriak dira hauek eta, orain, pandemiak ekarri duen egoera aprobetxatuz, aukera ezin-hobea topatu du horiek aplikatzeko. Horrela, herritarrak jasaten ari diren jarduera arruntaren etenaldiez gain, Osakidetza, denboran zehar mantenduko diren murrizketak aplikatzen ari da.

Horren azken adibidea Deustuko anbulatorioa da (EAG). Osakidetzak gauetan zentroa ixtea erabaki du, zehazki, gaueko 12etatik goizeko 8etara bitartean. Argi dago herritarrei eskaintzen zaien osasun-zerbitzu baten murrizketaren aurrean gaudela, eta, gainera, ondorio latzak izango dituela bai gaixoentzat, bai osasun sistema publikoarentzat.

Etengabeko Arreta Guneek larrialdiak artatzen dituzte, konkretuki, ospitaleetako larrialdietan artatzen direnak baino arinagoak diren larrialdi egoerak. Azken urteotan, lehen arretak gero eta gainkarga gehiago dauka, eta hori dela eta, pazienteek itxaron behar izaten dute beren osasun-zentroan arreta jasotzeko. Egoera horri telefono bidezko arreta gehitu zaio. Egoera hori izanik, herritarrek beraien osasun arazoei berehalako konponbide bat aurkitzeko erabiltzen duten tresna bihurtu dira EAGak.

Hala, Deustuko EAGan aplikatutako murrizketa honek, egunerokoan, lehen arreta are gehiago kargatzea dakar, baina, batez ere, Basurtuko Ospitaleko larraialdien kolapsoa eragingo du; izan ere, larrialdi horiek, dagoeneko, lan karga handia izaten dute. Eta hori gutxi balitz, ospitaleetako larrialdiei ez dagozkien patologien eta egoeren arretak eragingo du kolapso hori; EAGak artatu beharko lituzke horiek. Horrek egoera larrienak artatzea zailduko du, eta, aldi berean, Basurtuko larrialdietara joaten diren pazienteen itxaronaldia handituko da. Pandemia-egoera honetan, gainera, kutsatzeko arriskua areagotzen du neurri horrek, bai pazienteena, bai senideena, bai langileena.

Osakidetzak esaten du gaueko ordutegi horretan, etxean ematen den arreta mantenduko den heinean, zerbitzua bermatuta dagoela. Esan behar da arreta hori aurrez aurreko arretarekin batera ematen zela orain ere, eta, jakina, batak ez duela bestea ordezkatuko, are gehiago kontuan hartzen badugu etxez etxeko zerbitzua ez dela indartuko, eta, beraz, gaur egungoaren antzeko jarduera bat mantendu ahal izango duela, baina inolaz ere ez handiagoa.

Neurri hau, Osakidetzak EAGetan ematen den zerbitzua murrizteko edo desagerrarazteko duen estrategia baten parte da. Gogora dezagun duela gutxi Gorlizeko EAGa itxi nahi izan zuela eta mobilizazioak itxiera hori gelditzea lortu zuela. Beste adibide bat Zumarragako EAGn gertatzen dena da, bertan ere murriztu egin baita arreta ordutegia. Eta gauza bera gertatzen da Bergaran edo Elgoibarren.

Onartezina da Osasun Sailak azkeneko Mahai Sektoriala baliatzea lehen arreta indartuko zuela ikustarazteko, eta aldi berean, arreta maila horretako zerbitzuak murrizten aritzea.

Pandemia honek argi erakutsi digu osasun-sistema publiko indartsua eta kalitatezkoa izatearen garrantzia. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren politikak kontrakoak dira eta osasun publikoa gero eta gehiago ahultzen dute.

Osakidetzari eskatzen diogu murrizketa hori itzultzea eta gure osasun-sistemaren egiturazko arazo larriak konpontzeko benetako eta berehalako neurriak martxan jartzea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.