2019-04-10 17:36
Osakidetzak bere borondaterik eza erakutsi du apirilaren 10an ospatutako sektore mahiko bileran, Lehen Arretak bizi duen egoera larriari irtenbide bat aurkitzeko eta murrizketak lehengoratzeko. Jakina denez, apirilaren 12an lanuztea deitu dute sindikatuek eta Lehen Arreta Arnasberritzen Plataformak.

ELAren aburuz Osakidetzak berriro erakutsi digu ez duela batere asmorik Lehen Arretako egoera larria onbideratzeko. Sektore Mahaiaren azken bileran, otsailaren 19koan, Lehen Arretarako Estrategia delako agiria aurkeztu zuen. ELAren aldetik esan genuen agiri hori berandu heldu dela, egoera jasanezina bihurtu denean, eta gainera proposatu diren neurriak ez direla behar bestekoak izango osasun-zentroetako egoera berehala konpondu ahal izateko. Bada, Sektore Mahaiaren gaurko bileran, nahiz eta bi greba-egunetarako deialdia eginda egon, Osakidetzak ez zuen sartu puntu hori eguneko gai-zerrendan. ELAtik berariaz eskatu genion puntu hori gai ordenean sartu zezan. Azkenean, bileraren amaieran jorratu da baina planteamendu zehatzik egin gabe. Osakidetzak egindako planteamendu bakarra izan da adieraztea negoziatzeko prest dagoela.

Larrialdietako gatazkari dagokionez, Sektore Mahaiak ez ditu langile-kidego horren arazoak konpondu. Gogoan izan plantilla horrek 2018ko urtarriletik egin izan dituela mobilizazioak; eta Osakidetzak gaur bilerara ekarri duen proposamena erabat eskasa da, ELAren iritziz. Proposamena SATSE, SME, LAB, CCOO eta UGTren babesa izan badu ere, ez ditu jasotzen ELArentzat oinarrizkoak diren aldarrikapenak:

Plantilla horrek 2018ko urtarriletik egin izan ditu mobilizazioak. Hala ere, proposamena, indarrean sartuko da sinatzen den momentutik aurrera. Horrek esan nahi du ez duela inolako atzeraeraginik jasotzen eta aitortzen.

Kolektibo batzuen lan baldintzak hobetzen ditu baina horietatik kanpo uzten ditu Osasun Kontseiluko langileak. Akordioak ez die aitortzen langile hauei, beraien eguneroko lanean dauzkaten ardura eta konplexutasun bereziak.

Ez du Emergentzietako lanpostuetan egiten den lan nekeza, arriskutsua eta erantzunkizun haundikoa baloratzen. Lanpostuen balorazioa ELAren erreibindikazio historikoa da.

Hori guztia dela eta, ELAk ez du akordioa babestu. Hala ere, azpimarratu nahi dugu akordio horretan dauden hobekuntzak langileek burututako mobilizazioen ondorio zuzena direla.

Bestalde, eta egin ohi duen bezala, Osakidetzak berriro esan digu ez duela batere asmorik Lanbide Garapenak harturiko zorra xurgatzeko. Horren haritik adierazi du 2011ko deialdiari dagokion osagarria apirileko nominan hasiko dela ordaintzen, baina ez duela inolaz ere ordainduko deialdi horretako atzerakinak, ezta deialdirik ez egiteagatik 2012tik sortu diren atzerakinak ere. Alde horretatik, gogoratu beharrekoa da Osakidetzak hitzeman zuela osagarri hori 2019ko urtarrilean hasiko zela ordaintzen, gero 2019ko martxora atzeratu zuen. Hala ere, Osakidetzak apirilera arte atzeratu du lehenengo ordainketa, eta atzerapen horretaz ezta abisatu ere ez die egin langileei.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.