2019-07-10 13:31
Basurtuko Ospitaleak kontziliazio-neurriak ukatu dizkie Anestesiologia eta Bizkortze Zerbitzuko zazpi fakultatibori, ordezko nahikorik ez duelako aitzakiatan. ELAtik behin eta berriz salatu ditugu horrelako gertakariak; izan ere, Eusko Jaurlaritzak, hitz ederrak eta mintzaldi feministak gorabehera, genero-diskriminaziozko kasuak sortzen ditu; eta Osakidetza ere ez da uharte bat gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunen itsasoan.

Administrazio publikoek aparteko baliabideak dituzte, emakumeen lan- eta bizitza-baldintzak hobetzeko; eta alde horretatik eredugarriak izan behar dira generoaren egiturazko arrakalen aurkako borrokan.

Hala ere, beste hainbatetan bezala, arlo hau ere propaganda egiteko baliagarria da; eta hortaz, berdintasunaren aldeko itxurazko borondatea agertzen dute batetik, eta bestetik dena bere horretan iraunarazten dute, aldaketa aipagarririk egin gabe

Horren adibide garbia da Basurtuko Ospitaleko Anestesiologia eta Bizkortze Zerbitzuko zazpi fakultatiboren egoera. Haietatik bostek lan-utzialdia eskatu dute, hiru urtetik beherako seme-alabak zaintzeko; eta beste biek lanaldi-murrizketa eskatu dute, 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko. Bada, denei ezetza eman diete, lanaren eta familiaren kontziliazioa oztopatuz, eta genero-desberdintasunetan sakonduz. Puntu horrekiko, aipatu beharrekoa da Osakidetzako langileen %80ak emakumeak direla.

Egoera jasanezin horren eragileak azken urteotako enplegu-politikak eta murrizketak dira. Horien ondorioz urratzen dira, gaur egun, langileen legezko eskubideak, hala da: plantillak ezin urriagoak dira lana nekez aurrera atzeratzeko modukoak, lan-karga gero eta handiagoak, kudeaketa txarraren ondorioz eskubide-murrizketak egin dira, ordezkorik ez da jartzen eta lanpostu hutsak ez dira betetzen, %40aren inguruko behin-behinekotasunaren tasa dago, eta abar.

Osakidetzak zabalkunde-kanpainak egiten ditu: berdintasun-plana (formalismo hutsala) edo guraso-baimenaren luzapena; baina praktikan eragozten die bere langileei onarturik dauzkaten eskubideak erabiltzea. Eta ez du inolako neurririk proposatu, ezta gerora begirako konponbiderik azaldu ere, hori bera berriro errepika ez dadin.

Osakidetzaren benetako apustua baldin bada emakumeekiko diskriminazioa bere ardurapeko esparruan ezabatzea; orduan, lehenengo, egunero hartzen dituen erabaki batzuk diskriminazio-egoeren sorrarazleak direla jabetu behar da; eta, bigarren, horrelako erabakiak eta enplegu-politikak errotik aldatu behar ditu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.