2018-01-03 15:22

Beste behingoz, Osakidetzak bizi duen prekarietate egoera muturrera heldu da Gabonetan. Zuzendaritzek, askotan, baimenak ukatu dituzte, langileek eskubidea izan arren; baina hala ere ez dago pertsonal nahikorik lehen arreta bat eman ahal izateko. Horren ondorioa izaten ari dira kolapso egoerak, bai Lehen Arretan, bai ospitaletako larrialdietan.

Lehen Arretako zentro askotan ordutegia murriztu egin da eta Gabonetan pilatzen diren oporrak eta baimenak, kasu askotan, ez dira ordezkatu. Horri gehitu behar zaio Osakidetzak daukan egiturazko plantilla eskasa eta Lehen Arretako medikuen gabezia. Horrez gain, gripeak epidemia atalasea gainditu du egun hauetan. Hori guztia dela eta, zerbitzuak lepo egin du bai Lehen Arretan, baita EAGtan eta ospitaletako larrialdietan.

Gertaera horiek Gabonetan errepikatzen dira sistematikoki. Ondorioa argia da: ez da Lehen Arretarik eskaintzen, ez dugu besterik izaten larrialdi-zerbitzuen laguntza deszentralizatua baino, eta hori ere kaltean ateratzen da Lehen Arretaren baliabide urrien eraginez.

Egoera horren oinarria mediku nahikorik ez izatea da. Profesionalen eskasia ez da ustekabeko gertaera, arduradun politikoen aurreikuspen faltagatik da. Horrelako gertaerak errepikatuko dira halabeharrez. Izan ere, prestakuntzan egiten den inbertsioak ez dio errentagarritasun politikorik ematen egin duenari (medikuek 10 urteko prestakuntza behar dute), hori horrela, politikariek eraikinetan inbertitzea nahiago dute, profesionalengan baino.

Era berean, Osakidetzako langileen %40ak behin-behinekoak dira eta egoera hori ez da hobetuko zalaparta handiz aldarrikatzen dituen EPEen ondorioz. Hori horrela izanda, ez dira arduratzen ezta kalitatezko kontratazio baten bidez prestaturiko profesionalak fidelizatzen, eta axolagabekeria horregatik gure gizartearen diruaz prestaturiko profesionalak atzerrira joaten dira lan bila.

Murrizketa horiek pribatizazioranzko pausoak dira. Adibide pare bat jartzearren, Urdulizko Ospitalean, milioitako inbertsioa egin ostean, kirofanoak itxita daude oraindik. San Eloy Ospitalean langileek mobilizazioak bultzatu dituzte Zuzendaritzak arratsaldeko kirurgia-jarduera bertan behera uztea erabaki duelako. Beraz, 36 ohe itxi dira, guztien %30.

ELAk egoera hori berehala konpontzeko eskatzen du. Zer gertatuko ote da datozen urteetan erretiroak ugaritzen direnean? Gabon hauetan gertatzen ari dena datorkigun Lehen Arretaren erakusgarria da.

Â

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.