2020-11-12 12:48
Urtarrilaren 30ean egindako Greba Orokorrean parte hartu zuten hainbat gazte atxilotu ditu aste honetan Espaniako polizia nazionalak.Euskal Herriko eskubide sozialen Kartak bere elkartasuna eta babesa operazio mediatiko-polizial honetan atxilotuak izan diren gazteei adierazi nahi die eta "mobilizazio soziala eta eskubide sozialak jo puntuan jarri dituztela, mobilizazio legitimorako eskubidea murriztuz eta kriminalizatuz" azpimarratu dute.

Irakurri Agiria:

Aste honetan zehar Gasteizen Greba Orokorrean parte hartu zuten hainbat gazteren atxiloketen harira, Euskal Herriko eskubide sozialen Kartak honakoa adierazi nahi du :

Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta babesa operazio mediatiko-polizial honetan atxilotuak izan diren gazteei adierazi nahi diegu.

Bigarrenik, salatu nahi dugu Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzeko pasa den urtarrilaren 30ean egindako Greba Orokor arrakastatsua kriminalizatzeko saiakera berri baten aurrean gaudela. Osasun krisialdi bete-betean egonik, gobernuek gure osasuna babestu eta zerbitzu publikoak nahiz babes soziala indartu beharrean, egungo ereduan sakontzea erabaki dute. Era berean, krisiaren ardura herritarrongan delegatu dute, arduradun politikoek duten erantzukizun politiko zein kolektiboa alboratuz.

Eta hori guztia gutxi balitz, mobilizazio soziala eta eskubide sozialak jo puntuan jarri dituzte, mobilizazio legitimorako eskubidea murriztuz eta kriminalizatuz. Urtarrilaren 30ean egindako Greba Orokorretik isun eta salaketa ugari jaso ditugu, baina Gasteizen jazotakoak jauzi bat da eta ez dugu uste kasualitatea dela testuinguru honetan gertatu izana.

Amaitzeko, lan-pentsio-bizitza duinaren aldarrikapenean berresten gara eta bide honetan pausu berriak emango ditugula argi eta ozen esan nahi dugu. Egungo egoera irauli eta norbanakoa zein natura erdigunean izango duen eredu berri baten alde mobilizatzen, kaleak hartzen, interpelatzen, proposamenak egiten eta alternatibak eraikitzen jarraituko dugu! Zentzu horretan, eskubide sozialak aldarrikatu zein defendatzera deitu nahi ditugu herritarrak, orain inoiz baino gehiago elkar zainduz, mobilizazioa ezinbestekoa delako.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.