2020-11-13 13:30
Aita Menni ospitaleko enpresako zuzendaritzak komunikabideetan egin dituen adierazpenetan, ospitaleak gaur egun kolpatzen dituen positiboen agerraldiaren aurrean gezurra esatea leporatu dio sindikatuari. Hitzarmenaren negoziazioan, gure aldarrikapen nagusietako bat langile falta eta asistentziaren kalitatea hobetzea da. Gezurretan ari dira esanez horrek ez duela zerikusirik positiboen agerraldiarekin; izan ere, langile faltak, langileak unitate batetik bestera pasatzea eragin du, kaltetutako unitatea indartzeko jendea falta zelako. Eredu idiliko bat defendatzen dute, baina era berean agerian utzi da enpresa honek interes ekonomikoa bakarrik defendatzen duela, eta ez langile kolektiboarena.

Gaur egun, ospitalean 30 paziente eta 9 langile positibo daude positibo emanda, eta beste batzuk sintomak ageri dituzte. Agerraldia baino egun batzuk lehenago, Eibarko Ospitaleko Covid instalazioko eta beste unitate batzuetako langileak txanda batzuk betetzera joan ziren kolpatutako unitatera, sektorizazioa bete gabe. Pandemiak agerian utzi du langile falta egiturazko arazoa dela eta gainera arazoa handiagotu egin da. Enpresak ere langileek denboraldi honetan egin dituzten lanaldi luzeak defendatu ditu. Langileek euren osasuna arriskuan jarri dute eta denok dakigu arazoa sakonagoa dela, pertsonala falta dela.

Guztiz onartezina da ospitale batean langileak arriskuan jartzen jarraitzea. Gainera, denbora gutxian ospitale honetan gertatzen den bigarren positibo agerraldia da eta ez da kasualitatea.

Enpresak ere ez dizkie PCR testak egin langile guztiei; aktiboki eta pasiboki eskatu dugu hori, eta uko egin diote. Agerraldia dagoen unitateko langileei eta unitate hori indartzera joan diren langileei bakarrik egin dizkie probak. Azken horiei laneko arriskuen batzordearen insistentziaren ondorioz egin dizkie, hasiera batean asmorik ez baitzuten egiteko. Oso garrantzitsua da langile guztiek segurtasunez lan egiteko lasaitasuna izatea, baita pazienteek ere. Gogora dezagun Eusko Jaurlaritzak berak argitaratutako azken Dekretuetan jasotzen duen gaia dela. Bestalde, oso larritzat jotzen dugu enpresaren kontingentzia-plana behin eta berriz premiaz eskatu bada ere, orain arte eman ez izana. Gai hori aldez aurretik negoziatu beharko litzateke batzordearekin, legeak adierazten duen bezala.

Borrokan jarraituko dugu langileen lan baldintzak hobetuko dituen merezitako lan hitzarmena lortu arte. Era berean, ez dugu onartuko langileen eta pazienteen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.