2019-01-11 11:23
Indarberrituta atera zen ELA XIV. Biltzar Konfederaletik; Ohiz Kanpoko Biltzarrean, berriz, indar betean dagoela erakutsiko du. Apenas igaro diren bi urte azkeneko ohiko kongresua, Bilbokoa, egin genuenetik, eta beste baterako deialdia egin du jada sindikatuak. Ohiz kanpokoa da oraingoa, eta Batzorde Eragilea berritzeko egingo da; besteak beste, idazkari nagusi berria hautatzeko. Hala bada, INDARBERRITZEN jardutetik INDAR BETEAN egotera aldatu gara.

Berrindartuta atera zen sindikatua 2017an Euskaldunan izan zuen hitzordutik, eta indar betean dagoela erakutsiko du Kursaalen 2019ko apirilaren 5ean.

  • Jakingo duzuenez, Nazio Kontseiluak (196 lagun) hartu ohi ditu erabaki horiek, edo, bestela, Ohiz Kanpoko Kongresu Konfederala deitu ohi da (736 lagun), eta biltzar horrek berresten du Batzorde Eragile berria osatzen duten 12 laguneko zerrenda osoa.
  • Bi aukera horiek aztertuta, sindikatuak iritzi dio idazkari nagusiaren aldaketak bereziki kontuan hartu beharreko garrantzia duela.

Adostasun handia dago ELAren barruan sindikatu-ereduari eta estrategiari dagokionez; hori dela-eta, erabakiak ez du inongo aldaketarik eragingo eta, esapideak dioen bezala, “lehengo bidetik jarraituko” du. Baina oso garrantzitsua da militanteen botoek berrestea zuzendaritza berriak, batez ere Batzorde Eragilea, legitimazioari eta jardunbide demokratikoari dagokienez.

Batzorde Eragilea talde bat da eta talde-lana egiten du, horretaz ez dago batere zalantzarik ELAn; idazkari nagusiaren karguak, berriz, garrantzi eta irismen handia du iritzi publikoan. Horregatik, iruditu zaigu egokia litzatekeela Biltzarraz baliatzea sindikatutik kanpora ere zabaltzeko zein indartsu dagoen eta dirauen ELAren proiektuak.

Batzorde Eragilearen osaera dela eta

Nazio Batzordearen iritziz, indarrean jarraitzen dute 2017an Bilbon egindako ohiko Kongresu Konfederalaren txostenak eta ebazpenek ezarritako irizpide eta egiteko guztiek; beraz, ez dago Konfederazioaren ildo politikoa berrikusi beharrik, baina aprobetxatu egin behar da aukera ELAren lerro estrategikoak azpimarratzeko eta gogorarazteko. Krisia hasi zenetik, errepikatu egiten dira lau egiteko hauek:

  • Alternatibak bilatzea negoziazio kolektiboan Rajoy eta Zapaterok egindako erreformei, eta haiei aurre egitea, jakina.
  • Aldaraztea krisia hasi zenetik ezarri ziren eta indarrean dirauten murrizketa-politikak eta haiek funtzio publikoan, azpikontratetan eta gizarte-politiketan dituzten ondorioak.
  • Kontzertazio sozialari uko egiten jarraitzea, ez baikatoz bat inondik ere aldebakartasunarekin eta neoliberalismoaren autoritarismoarekin.
  • Burujabetzaren aldeko prozesu baten alde egitea, ezkerreko indarrak metatuz eta gehiengo soziala sustatuz.

Garrantzitsuak dira sindikatuaren barne-jarduerarako beste lau egiteko hauek ere:

  • Prekarietatearen aurkako orroka bihurtzea negoziazio kolektiboaren ardatz.
  • Bizitza eta bizitzaren alderdi guztiak (produkzioa, erreprodukzioa, kontsumoa, ingurumena…) izatea gure politika sindikalaren muina.
  • Jauzi bat egitea genero-berdintasunaren alorrean, eta berdintasun-plan batetik harago doan aldaketa sakona bultzatzea barne-antolakuntzan.
  • Gure eginkizunen planifikazioan ere jauzi bat egitea.

Zortzi lehentasun horiei buru-belarri ekiten die sindikatuak, eta funtsezkoak dira Batzorde Eragileko kide berriak hautatzeko.

  • Alde batetik, eginkizun horiek gidatzeko gai den norbait proposatu behar da idazkari nagusi kargurako;
  • bestetik, lantalde horretan Txikik uzten duen hutsunea betetzeko hautatzen den pertsonak gai izan behar du eginkizun horiei gogotsu ekiteko.

Talde-lanaren garrantzia

Denok ohartzen gara esku artean dugun erronkaren zailtasunaz: kontrabotereko sindikalismoa, alternatiboa, bultzatzea egungo egoeran, eta aliantzak egiteko batere aukerarik gabe. Esan dezagun ez genuela guk nahi horrelako bakardaderik.

Nolanahi dela ere, arrazoi gehigarria dugu bakardadearena guretzat funtsezkoa den zerbait bultzatzeko: talde-lana. Beraz, zuzendaritza hautatzean, baldintza hauek gutxienez bete behar dituzte hautagaiek:

  • Gai izan behar dute sindikatuaren eginkizunak aurrera eramateko eta helburuen alde egiteko.
  • Elkarren osagarri izan behar dute; hau da, bakoitzak bere profilari dagozkion ekarpenak egin behar ditu, baina erakundearen ikuspegi beteagoa, aberatsagoa eta zabalagoa osatuz.
  • Ikasteko eta gure jarduerari bide berriak zabaltzeko gai izan behar dute.

Konfiantza izan behar dute elkarrekiko, eta elkar zuzentzeko gaitasuna; izan ere, ezin da talde-lanik egin konfiantzarik gabe, elkar zuzendu gabe…, betiere taldearen interesa lehenetsiz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.