2019-04-04 10:52
ELAk 2017ko ekainaren 15 eta 16an egin zuen bere XIV. Kongresu Konfederala, Bilbon, Indarberritzen lelopean. Hori zen sindikatuak hitzordu horretatik espero zuena: indarberrituta ateratzea. Eta lortu du. Edo, gutxienez, helburu hori lortzeko ekimenean dago buru-belarri sindikatuaren egitura guztia. 2019ko apirilaren 5ean, ELAk ohiz kanpoko Kongresua egingo du, Donostiako Kursaal eraikinean. Horregatik aukeratu du Indar betean leloa.

Kongresuan parte hartuko duten 736 ordezkariek –Nazio Batzordeko 36 ordezkari, federazioek izendatutako 350 eta eskualdeek izendatutako beste 350– Batzorde Eragile berriaren proposamena aztertu eta bozkatu beharko dute. Adin kontuak direla-eta, sindikatuaren araudiak hala aginduta, orain arte idazkari nagusia izan den Adolfo Muñoz Txikik bere ardurak utzi beharko ditu.

Muñozen erretiroak hutsune bat sortuko du Batzorde Eragilean. Nazio Batzordeak Maialen Aranburu Zinkunegi (Lasarte-Oria, 1985) proposatuko du hutsune hori betetzeko, Ekintza Sozialeko ardurak hartuta. Idazkari nagusirako, berriz, Mitxel Lakuntza Vicario (Iruñea, 1976) proposatuko da.

Mitxel Lakuntza Vicario (Iruñea, 1976) ELA-Nafarroako koordinatzailea da, eta Batzorde Eragileko kidea. Elektronikako teknikaria da, eta 1999tik dago ELAra afiliatuta. Gamesako langilea zen Lakuntza sasoi hartan, eta ELAko ordezkari izan zen enpresa horretan. 2001ean hasi zen lanean sindikatuaren egituran, Hainbat federazioaren arduradun.

Maialen Aranburu Zinkunegi (Lasarte-Oria, 1985), berriz, Gizarte Ekintza alorraz arduratuko da Batzorde Eragilean, erakunde horretarako hautatzen badu biltzarrak. Antropologia Sozialean eta Kulturalean lizentziatua da Aranburu, eta Gizarte Lanean diplomatua. Halaber, master bat du ikasketa feministetan eta genero-alorrekoetan. 2016an hasi zen Aranburu ELAren egituran, eta zenbait kargutan aritu da. Besteak beste, Donostialdeko eta hezkuntza-alorreko arduraduna izan da.

Egungo Batzorde Eragileko kideek, berriz, beren karguetan jarraituko lukete: Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa, Amaia Aierbe, Xabi Anza, Maialen Aranburu, Iván Giménez, Laura González de Txabarri, Pello Igeregi, Mikel Noval, Leire Txakartegi, Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal.

2017ko ekaineko kongresuan langile-klaseak garai zailak bizi zituela aipatu zuen ELAk. Abagune sozial, ekonomiko eta politikoa ez da askorik aldatu. Horregatik duela urte eta erdi adostu ziren ponentziak gaurkotasun osoa du. Hori bai, sindikatuaren jarduna gaurkotu asmoz, hiru ebazpen eztabaidatu eta bozkatuko dira.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.