2020-06-19 15:56
Eusko Jaurlaritzak gutxiengoarekin sinatu du akordioa, azkeneko unean eta arau demokratiko oinarrizkoenei muzin eginez.

Eusko Jaurlaritzak azken unean deituta, Administrazio Orokorreko Alorreko Mahaia izan dugu. Bertan “lana eta familia bateragarri egiteko neurriei eta alarma-egoera amaitu ondoren osasuna zaintzeko neurriei buruzko akordioa” izeneko proposamena izan da eztabaidagai.

 

Langile gehientsuenek lanpostura itzultzeko agindua jasota zutelarik, azken unean Alorreko Mahaia deitu du Eusko Jaurlaritzak, Gobernu Espainiarrak egindako proposamenak eduki duen oihartzuna ikusi eta gero, kutsu “propagandistikoa”duen deialdi eta proposamen bat eginez.

 

Lan Harremanetako Zuzendariak aitortu du beste sindikatuei dei egin ziela atzo, gaurko Alorreko Mahaiaren edukiez hitz egiteko. ELAri ez zion deitu, beste behin ere. Areago, ELAk orain arte egin dituen proposamenei erantzun ere ez die egin Zuzendariak

 

Bertaratutako hiru sindikatuok bat etorri gara epeekin malgutasunez jokatzeko beharrarekin, eta azkenean Eusko Jaurlaritzak, sindikatuon eskariz berridatzi duen proposamena honela laburbiltzen da:

 

  • Adingabeak zaintzeko nahitaezko betebeharrengatik baimena duten langileen egoera luzatuko da ikasturtea hasi arte.

  • Mendekotasuna duten adinekoak beren kargu izan (eta beraiekin bizitzen dauzkaten) langileen egoera bere horretan jarraituko du irailaren 7ra arte.

  • 7:30etatik aurrera lanera sartzeko aukera irailaren 27ra arte luzatuko da.

  • Zaurgarritzat sailkatutako 3. eta 4. mailetako langileak, aurrez aurrekoak EZ diren lanetan jarraitzeko aukera izango dute irailaren 7ra arte. Baina, Prebentzio Zerbitzuak edozein unetan berrikusi ahal izango du sailkapen horren egokitasuna.

  • Zaintza beharrei erantzun ahal izateko, halabeharrez eskatutako baimen eta opor eskariak aldatu edo egokitu ahal izango ditugu langileok.

  • Telelana deialdiaren arabera esleituta duten langileek, telelanean jarraitu ahal izango dute deialdi berria indarrean sartu arte.

     

Jaurlaritzaren proposamena gutxieneko edukiekin osatuta dator, agerian utziz azken unean idatzitako proposamena izan dela, Madrilgo Gobernuak adostu dituen edukiei jarraiki.

 

Jaurlaritzak, proposamen honekin langileen osasuna bermatu nahi duela, dioen arren; ELA ez dator bat. Izan ere, Osasun erakundeek edota Estatu Espainiarreko Gobernuak 8/2020 Errege Dekretuan prebentzioz eta zuhurtziaz jokatzeko luzatutako gomendioei ez ikusiarena egin die. Hala, nahiz eta aurkeztu diguten proposamenaren (gutxieneko) edukiak beharrezkoak izan, badira oraindik osasun baldintzak bermatuta EZ dituzten arren presentzialki lan egitera behartuta dauden langileak, eta horiei ez die proposamen honek konponbiderik eskaintzen.

 

Horregatik, ELAk eskatu du ere, langile GUZTIEN osasuna bermatzeko neurri guztiak hartzen ez diren bitartean, lanean telematikoki jarduteko aukera ematea.

 

Jaurlaritzak entzungor egin dio gure proposamen honi ere.

 

Azkenik, Jaurlaritzak, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatu du akordioa.

 

ELAk salatu nahi du, berriro ere Jaurlaritzak gutxiengo sindikalarekin sinatu duela akordio bat, arau demokratikoak urratuz.

 

Estatu Espainiarrak egindako proposamenak eduki duen oihartzuna ikusi eta gero, beharrezkoak diren arren minimoetako neurri-proposamen batekin estali nahi du Eusko Jaurlaritzak orain arteko kudeaketa negargarria.

 

Proposamen honek ez die erantzuten Administrazio Orokorreko langile guztien beharrei eta Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dauden beste hainbat sektoreetako milaka eta milaka langile kanpoan uzten ditu, hedabideetan oso bestelako mezua zabaldu badu ere, gizarteari sinisarazteko Herri-langile guztiei zuzendutako neurriak direla.

 

ELAk Eusko Jaurlaritzari galdatzen dio, prebentzio eta kontziliazio neurriok Administrazio Orokorreko langileoi bai, baina EAEko beste Herri-langile guztiei ere luza diezazkiela.


Era berean, hedabide nagusien bitartez egiten duen etengabeko manipulazioa salatzen dugu.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.