2018-08-09 08:30
Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak borrokan daude, hitzarmenaren alde. Landeiaren azken aleak gai honen inguruko erreportaje zabala jasotzen du.

Bizkaiko Zaharren Egoitzetako langileen borroka luzea, urtebetetik gorakoa, eredu bihurtu da beste emakume batzuentzat; adibidez, etxez etxeko laguntzaz arduratzen direnentzat. Hilabeteak daramatzate emakume horiek lanuzteak eta mobilizazioak egiten hitzarmen baten eske, zorigaiztoko trinomio desegin nahirik: sektore femizizatua, zaintza-lana, prekarietatea. ELZko langileek salatzen dutenez, patronalak blokeatuta dauka hitzarmenaren negoziazioa, eta hau eskatzen diete zerbitzua azpikontratatuta daukaten udal eta partzuergoei: presioa egiteko enpresei, hitzarmen duin bat negoziarazteko.

Yolanda Santos ELAko ordezkariak azaldu digunez, bost urte dira soldata izoztuta dutela Bizkaiko etxez etxeko laguntzako 1.500 langileek, eta ia hiru urte aurreko hitzarmena —CCOOk sinatua— iraungita. Eroso sentitzen da patronala, baina aldatzen ari da egora sektore horretan. Desadostasunak gorabehera, bat egin dute ELAk, LABek eta UGTk, hitzarmen bat negoziatzeko, lan-erreforma zokoratu eta sektoreko langileen premiak asetzen dituena.

“Lana eta norbertaren bizitza uztartzea, kontziliazioa, oso puntu garrantzitsua da, emakumeak baitira nagusi sektore honetan. Lanaldiak metatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu; lanaldi murriztuan ari direnentzat, besteak beste. Kontuan izan goizeko 6:00etatik gaueko 22:00ak arte egon behar izaten dugula lanerako prest. Halaber, oso garrantzitsua da guretzat lantokia gure bizilekutik ahalik eta hurbilena egotea. Izan ere, bakarrik gaude egun osoan, beti batetik bestera; zentzuzko konponbide bat eskatzen dugu”.

Jakina, erosahalmena berreskuratzea ere aldarrikapen garrantzitsua da, are gehiago sektore horretako soldata-tarteak ikusirik. “2014tik dauzkagu izoztuta soldatak. KPI gehi bi puntuko igoera eskatzen dugu, gutxienik, eta antzinatasuna hobetzea. Beste gai garrantzitsu bat hau dugu: zerbitzuren bat egin gabe geratzen denean, ez gure bizkarrera erortzea horren zama guztia”, diosku langile honek, zeinak beste arazo batzuk ere aipatu dizkigun: behin-behinekotasuna eta subrogazio-bermerik eza kategoria batzuetan, besteak beste.

Sektore horretako langileen eskakizunak azaltzen amaitu aurretik, zorrotz mintzatu da Yolanda Santos lan-erreformaren aurka. “Erabat baztertu behar da hitzarmenetik lan-erreforma, aurreko itunean CCOOk onartu zuena: ez dugu nahi mugikortasun geografikorik, ez dugu onartzen bajan dagoen inor kaleratzerik… Ez dugu lan-erreformarik nahi, eta hitzarmena blindatu egin behar dugu”.

Aipatu ditu, bestalde, sektore horretako langileen laneko segurtasu- eta osasun-arazoak. “Lunbalgiak, nekea, in itinere istripuak, karpoko kanalaren sindromea… ohikoak izaten dira. Horrez gain, beste arrisku espezifikoago batzuk ere baditugu; adibidez, gaixoen gaitzak guri kutsatzekoa, edo, maiz gertatzen ez bada ere, sexu-jazarpena edo erasoren bat jasatekoa.

Etxez etxeko laguntzaileon lanaz gutxi daki gizarteak, nahiz eta izugarri profesionalziatu den azken urteotan. Jende gehienak uste du garbitzaileak garela: halakoren etxera joaten gara, garbitzen dugu, eta kito. Ez dakite zer laguntza eskaintzen dugun; mendekotasunen bat duen jende helduarekin lan egiten dugu, baina baita adingabekoekin, tratu txarrak jasan dituzten emakumeekin, minusbaliatu psikiko eta fisikoekin ere; ohiturak eta errutinak irakasten ditugu… Eta, gainera, lhen baino denbora gutxiagoan egin behar izaten dugu hori guztia, asko murriztu baitituzte orduak: % 30 zerbitzu gutxiago ematen da gaur egun, adineko populazioa asko hazi arren. Ez dago onartzerik”.

Yolanda Santosen iritziz, erakunde publikoak nora ezean dabiltza Mendekotasun Legea dela eta. “Diputazioak erabiltzaileen balorazioa egiten du eta, baremo horren arabera, udalak hainbat ordu esleitzen ditu. Gu, berriz, ikusezinak bagina bezala jarduten gara, eta oso denbora gutxi ematen digute erabiltzaileen premiak asetzeko. Egia da baliabide gehiago ditugula, etxebizitza egokia baldin bada, baina lan-karga dela-eta gehienetan ezin dugu eman nahi genukeen eta pertsonek behar duten zerbitzua”.

BORROKA DA BIDEA

Honenbestez, urduri dabil patronala, zerbitzu-lizitazioak laster egingo baitira; ELAk, berriz, hitzarmenaren alde mobilizatzea erabaki du, LABekin eta UGTrekin batera. Yolandak dioenez, inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun afiliatzea, antolatzea eta borroka egitea. “Badakigu ez dela lantegi erraza. Enpresek beti erabili izan dute euren probetxurako sektoreko jendearen premia, indibidualismoa, langileen isolamendua, gure arteko komunikaziorik eza, erabiltzaileekiko sortzen diren harreman pertsonalak eta lotura afektiboak… Baina inertzia negatibo hori hautsi beharra daukagu; bestela, gureak egin du”.

Baina zailtasunak zailtasun, baikor ageri da Yolanda Santos. Historikotzat jo ditu egiten ari diren lanuzteak; udalei eta mankomunitateei presioa egin behar zaiela uste, haiek baitira zerbitzuaren azken erantzuleak, eta deialdi hau egiten die erabiltzaileen familiei: “Gure borrokarekin bat egiteko eskatzen diegu familiei, gure lan-baldintzak ez ezik zaintza-zerbitzuaren kalitatea ere jokoan baitago” adierazi du. Bide batez, demagogotzat jo du Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, hitzarmena “bidezkoa, eredugarria eta beste herrialde batzuetara hedatzeko modukoa” dela esan baitzuen. “Haserre gaude langileok adierazpen horiek direla-eta. Ez gaituzte errespetatzen. Beraz, ohartu beharra daukagu borroka egitea dela hitzarmen on bat lortzeko bide bakarra”.

Amaitzeko, egungo indar-erlazioa aldatzearen garrantzia aipatu du ordezkari sindikalak: “ELA ez da sindikatu nagusia Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, eta ondo asko nabaritzen da. Izan ere, enpresen eta CCOOren arteko elkarkeria dela-eta bahituta egon dira sektoreko langileon lan-kondizioak. Baina ezin dugu horrela jarraitu, eta hauteskunde sindikalek inflexio-puntua izan behar dute sektorearentzat” dio, itxaropentsu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.