2019-11-18 16:35
Erreforma fiskalari buruzko eztabaida hasi da. ELAk lehenago ere eskatu izan du ogasunek biltzen duten dirua gehitu beharra dagoela, azken hamarraldietan galdutako progresibitatea berreskuratze aldera. Gure iritziz funtsean zerga handiagoak ezarri behar zaizkie errenta altuei, enpresei eta kapitalari.

 EAEko 2020ko aurrekontuen inguruko eztabaida zela eta, Eusko Jaurlaritzak erabateko ukoa eman dio zergei buruz mintzatzeari, horrek aurrekontuekin inolako zerikusirik ez duelakoan. Baina hori ez da egia. Hasteko, gogoratu behar da Aurrekontu Egonkortasunaren Legea zorrotz beteta, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua ezin dela 2020an %2,9tik gora hazi (gastu arauaren eraginez), diru-bilketa gehituko duen erreforma fiskal bat egin ezean. Gainera, 2018ko aurrekontuaren negoziazioa lotuta egon zen PPrekin adostu zuten Sozietateen Zergaren jaitsierarekin (200 milioi euro kosta izan zena); beraz, aurrekari bat badago. Aurrekontuen eta diru-sarreren arteko lotura begibistakoa da. Beste kontu bat da Jaurlaritzak erreformarik egin nahi ez izatea 2018koaren kontrako noranzkoan. Dena hautu politikoaren araberakoa da.

Jaurlaritzak ematen duen bertsio ofiziala (EAJk eta PSEk babesten dutena) da ez dela “presaka” jokatu behar, alegia, erreforma datorren urtean egin behar dela. Ez dirudi mezu hori Foru Ogasunetako arduradunei heldu zaienik. Izan ere, Bizkaiko eta Arabako Diputatu nagusiak (Unai Rementeria eta Ramiro Gonzalez) norgehiagoka betean daude, ea nork eskaintzen dizkien kapital handiei baldintzarik onenak. Eta aditzera eman dute Oinordetza zerga eta Ondasunaren zerga kentzeko prest daudela. 2018An EAEn zerga horiekin 317 milioi euro bildu zen (185 Ondare edo Fortuna Handien zerga medio eta 132, Oinordetza eta Dohaintzen zergarekin).

Proposamena zehaztu gabea bada ere, argi dago gehien daukatenei mesedea egin nahi dietela. Ondarearen gaineko zerga 18.000 herritarrek baino ez dute ordaintzen. Kendu nahia ez da berria. Areago, 2009an kendu zuten eta 2012an berriz ezarri, arautegia Araban eta Bizkaian Gipuzkoan baino arinagoa zelarik. Gaur egun biltzen den diru kopurua, 185 milioi, 2008ko antzekoa da (181 milioi), baina oraingo fortuna handiek metatutako aberastasuna duela 10 urte baino azkoz handiagoa da. Lurraldeka, Gipuzkoan 2008an baino dezente gehiago biltzen da, eta Bizkaian askoz gutxiago.

ELAren ustez benetan larria da zerga hauek kendu nahi izatea, bi arrazoirengatik:

  • Lehena ereduari dagokio. Bizkaiko eta Arabako Diputatu nagusiek Esperanza Aguirreren izpiritua bera berpiztu nahi dute: Aberatsenen alde jokatzen dute, inolako lotsarik gabe. Argi dago pozik daudela desberdintasunen hazkundearekin.

  • Bigarrena, zerga bidez diru gehiago bildu behar dela, ez gutxiago. Deigarria da zer nolako erraztasunez proposatzen diren neurriak, 317 milioi gutxiago sartzea eragingo dutenak (Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzarako bideratzen duena baino 3 bider gehiago, edo ia DSBEaren kostua).

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu nagusiak proposamen hauei “neoliberalegiak” irizten die. Antza, bere ustez egokiena eredu neoliberal hutsa da. Haatik, badira alternatibak. Ez dugu nahi ez gaurko eredua (iruzur fiskalarekin permisiboegia, errenta altuei, enpresei eta kapitalari pribilegiozko tratua ematen diena), ez eta aberatsenen mesederako joera areagotzerik ere. Alternatibak badira, eta hauen alde egingo dugu aurrerantzean ere.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.