2018-06-05 14:18
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela-eta ELAk jardunaldia egin du Donostiako Tabakalera aretoan. ‘Euskal instituzioen politikak: Negozioa BAI. Ingurumena EZ’ administrazio publikoek ingurumenaren inguruan daramaten politikak salatu nahi izan ditu sindikatuak.

Lehendabizi sindikatuko ingurumen arduradunek (Mikel Novalek eta Ainhara Plazaolak) ELAk alor honetan dituen politikak azaldu dituzte. Ondoren Igor Meltxorrek eta Ainhoa Intxaurrandietak ‘Angula ustelak’ izeneko hitzaldia eman dute, Gipuzkoako erraustegiaren atzean dagoen ustelkeria salatu asmoz.

“Bada garaia euskal ustelkeriaz hitz egiteko; hemen ere ustelkeria handia dago, eta izen-abizenak jarri behar zaizkio. Eta Gipuzkoako erraustegia honen adibide argia da. Bertan interes ezberdinak batu ziren: politikoak, enpresa handienak, kapitalarenak...”

Zentzu honetan, ELAk elkartasuna adierazi nahi izan die Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini; izan ere, bi lagun hauek berriki epaitu dituzte Gipuzkoako erraustegiaren kasuan kapitalaren interesei aurre egiteagatik.

Urko Apaolazak hartu die lekukoa hitzaldien txandan. Apaolaza Manu Robles-Arangiz Fundazioak eta Argia aldizkariak elkarlanean argitaratutako ‘Zuloan. Bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena’ liburuaren egilea da. Bertan, orain arte ia ilunpetan zegoen gai bat argitara eraman du: Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan dagoen esplotazioa eta horrek, besteak beste, langileentzat dituen ondorio larriak.

“Lan honek sindikatuak nola lan egiten duen ikusteko balio izan dit”, aipatu du Apaolazak. “Hankak lurrean, lokatzetan, langileak egoeraz jabe arazi, antolatzen lagunduz eta borrokatuz. Sindikatu eta komunikabide independenteen arteko elkarlanak asko ematen du”.

Azkenik ekainaren 2an Nafarroan antolatu zen Alternatiben Herriaren inguruan mintzatu dira ekimen horretan buru-belarri aritu diren bi lagun: Maitane Unzu eta Maria Balda. Biek ekimenaren balorazio oso positiboa egin dute, etorkizunerako hamaika aliantza saretu direla nabarmenduz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.