2018-10-24 09:19
Nazkagarria da. Biktimen alde ahoz gora jarduten dira baina hipokrisia hutsa da. Hiltzaileak armak erosi eta petrolioa saltzen badu; botere handia badu, biktimak bigarren planoan geratzen dira. Khashoggi kazetaria Turkiako kontsulatu batean ankerki hil bazuten ere. Negozioak dira. Diru asko irabazten da errugabeak hilez. Eta oinarrizko giza-eskubideak gorabehera, negozioari eutsi behar zaio.

Yemenen Saudi Arabiak milaka pertsona hiltzen ditu, besteak beste bonba espainiarrak baliatuz. Borrell atzerri ministroak esan zuen bonba horiek ez dutela kalterik egiten, “inteligenteak direlako”. Ziurrenik ministroak hau dauka gogoan: “hori urrun ari da gertatzen; gainera, memoria ahula da, eta albisteak, pasakorrak. Laster ahazten da dena”. Biktimek axola diete soilik beren interesak justifikatzeko baliagarri direnean. Agian horregatik saritu zituzten Donostiako La Cumbre jauregiko hiltzaile eta torturatzaileak -Khashoggik jasan zuen ankerkeria berberaz jokatu zutenak- edota Madrilgo DGSan, edo noski, Intxaurrondoko koartelean. Estatuko funtzionario haien biktimak ez dira hain garrantzitsuak. Hau guztia PSOE gobernuan zegoenean gertatu zen; garai batean, Borrell ministro zela ere.

Espainiako Auzitegi Gorenak, berriz, hipoteken zergei buruz kaleratutako epaia zuzendu egin du auziak “izugarrizko eragin ekonomiko eta soziala” omen duelako. Antza etxegabetzeek kohesio soziala indartzen dute, horretaz ez baitute ezer esan. Erabakia egun batetik bestera hartu dute. Bankuak tartean direnean azkar asko mugitzen dira! Epaile horiek espainiar eskuinik gogorrenak kokatu ditu auzitegietan, erabaki egokiak hartuko dituztela bermatzeko: “Botin doktrina”, Kataluniako prozesuaren liderrentzako espetxea, edota euskal presoekiko espetxe-politika aldatzeko ukapena… Estatuan eskalafoi judizialean zenbat eta gorago jo, gero eta Aznarren adiskide gehiago topatzen dugu. Eskuinak agindu izan duenean bere jendea jarri du instantzia judizial nagusietan: Auzitegi Nazionala, Gorena, Konstituzionala, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia… Horrelaxe inposatzen dituzte irizpideak, legea gaindituz, behar izanez gero; gainera, beste epaileak ere beren burua zentsuratzera behartzen dituzte; independentzia judiziala ia ekintza heroiko bilakatzen da.

Espainiar gobernu berriak dioenez, auzi katalanean “ezin du muturra justizian sartu bere independentzia errespetatu behar delako”. Hau adar jotzea da. Auzitegi Gorenak hipoteken gaian atzera nola egin duen ikusirik, argi dago nahi dutenean ez dagoela oztoporik. Agian horregatik Europako hainbat herrialdetako neofaxistek espainiar sistema judizialaren modukoa ezarri nahi dute euren estatuetan.

Auzitegi Goreneko magistratu batzuri GAL taldea deitzen diete (Grupo de Amigos de Lesmes; berau PPren kideko izateagatik dago Gorenaren buruan). Ernesto Ekaizer kazetariak idatzi du hori. Gora independentzia judiziala! Bada, bi GAL taldeek -hilketak egin eta orain ardura politikoak estaltzen dituena, batetik, eta bankuei hipoteken zerga ordaintzetik libratu nahi dituena, bestetik- helburu bera dute, bitarteko desberdinak erabiliagatik: Estatu autoritario eta inbolutiboaren interesak defenditzea, IBEX-35aren zerbitzura. Noski, errepikatuko dute ez dezagula zalantzan jarri guztiok Legearen aurrean berdinak garela. Larrutik ordainduko bailukete bestela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.