2018-12-12 11:55
ELAk garbiketaren hitzarmenaren negoziazioan soldata-arrakala (2.803 euro urtean) ezabatzea proposatuko du. Eraikin eta lokaletako sektorea oso feminizatua dago (langileen %95a emakumeak dira, horien %70ak lanaldi partzialarekin) kale-garbiketaren sektorearekin alderatuz gero. Soldata-arrakala hori irudika daiteke esanez langile emakumeek doan egiten dute lan urteroko urriaren 26tik aurrera.

Horri gehitu behar dizkiogu lehenagoko hitzarmenen sinatzaileek krisiaren kontura sartu zituzten murrizketak: antzinatasuna mugatu, joan-etorrien plusa kendu, baja-egoeraren estaldura gutxitu... Eta jarduera hori, hein handi batez diru publikoaren menpe dagoenez, berariaz ezarritako murrizketak ditugu, enpresek oso-osorik langileei jasanarazi dizkietenak, ordutegiak murriztuz edo lan-kargak handituz. Beraz, sektore horretan aritzen direnek zigor bikoitza pairatu behar izan dute.

Zeharo berroneratu ez den sektore horren testuinguruan, ELAren iritziz urrats nabariak egin behar dira lan-baldintzetan. Eta sindikatuaren helburua sektoreko soldata-arrakala ezabatzea da.

ELAk, soldata-arrakalaren nondik norakoa zehazteko, garbikuntzaren bertze azpisektoreari begiratu dio, karrika-garbitzaileenari. Horko plantillaren %80 gizonezkoak dira, lanaldi osoko kontratuak dituzte, eta lan-baldintzetan alde nabarmena dago bertzearekiko.

Hurrengo taulan lan-baldintzen arteko aldeak (soldatetan eta lanaldietan) zehazten dira, batetik Nafarroako eraikin eta lokaletako garbikuntzan, eta bertzetik Iruñako karrika-garbikuntzan, hori baita, edukiontzien bilketarekin batera, Iruñerriko Mankomunitateko zerbitzu nagusia.

 

 

Iruñako karrika-garbiketa

Eraikin eta lokaletako garbiketa

ALDEA

Urteko soldata

21.980* €

19.177 €

2.803 €

Urteko lanaldia

1.600 ordu

1.673'33 ordu

73'33 ordu

Soldata orduko

13'74 €/orduko

11'46 €/orduko

%16,58

* Urteko soldatan ez da sartu lan nekagarriaren plusa.

Soldata-arrakala %16,58koa da, kontuan hartu gabe atsedenaldiaren eragina, karrika-garbitzaileei ordaintzen zaiena, ezta eraikinetako garbikuntzako kontratuen partzialtasuna ere, nahiz eta horrek soldatetan benetako eragina izan.

Bi sektoreen artean dauden aldeak kontuan harturik, erran dezakegu eraikin eta lokaletako emakume garbitzaileek, karrika-garbitzaileekin alderatuz, dohainik lan egiten dutela urtero urriaren 26tik goiti urtea bukatu arte.

Garbikuntzan dagoen soldata-arrakala hori ezabatze aldera, ELAk hurrengo neurri hauek proposatzen ditu:

- Soldatak parekatzea hitzarmenaren indarraldian zehar.

- Antzinatasuna hitzarmenaren 16 ordainsarietan berreskuratzea.

- Urteko lanaldia 1615 ordura jaistea.

- Baja-egoeran soldata berbera jasotzea.

- Langilea ordeztea bajetan eta laneratzen ez den gainerako kasuetan.

- Enplegu-hobekuntzaren sistema bat ezartzea, lantokietan hutsik geratzen diren postuak prozedura objektibo batez betetzeko aukera emanez.

Jakin badakigu hurrengo hitzarmenerako egiten dugun eskakizun hori mugarri bat izanen dela gure lan-baldintzetan. Baina, hala ere, baldintza horiek orain direla urteak ezarri zirela karrika-garbikuntzan, eta guk maila horrekin parekatzea bertzerik ez dugu eskatzen. Horregatik uste dugu bidezkoa dela gure eskaria.

Era berean ederki konturatzen gara enpresek kontra eginen dietela horrelako planteamenduei, zeren gauza bat da soldata-arrakalaz mintzatzea, eta bertze bat neurri eraginkorrak hartzea. Eta are zailagoa da, beharrezko neurri horiek diru-irabazien kontura badoaz. Horregatik ezinbertzekoa izanen da langileak antolatzea, eta ziurrenera mobilizazioak ere bultzatu behar izatea.

Adibidez, ELAk lortu egin du Gipuzkoako Aldundiak azpikontrataturiko langileen soldaten berdintasuna. Lorpen historikoa da berdintasunaren aldeko borroka prozesuan, eta mugarria bihurtu da Martxoaren 8runtzako bidean, aldarrikapen feminista gisa. Gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna Administrazio eta eragile politiko zein ekonomiko guztien eguneroko jardueran txertatu behar da. Justizia sozialaren afera da.

Nafarroa, 2

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.