2018-06-27 11:57
Prentsaurrekoan salatu gisara, Nafarroan aurkeztutako hezkuntza-itunerako azken proposamenak ez ditu lehengoratuko azken urteotako murrizketak, eta ez die erantzunen hezkuntza publikoaren beharrizanei. Halaber, negoziaketan ez da negoziazio kolektiboko eskubidea bermatu.

Azken urteotan eta krisiaren aitzakiaz, oso murrizketa gogorrak ezarri dituzte zerbitzu publikoetan orokorrean, eta hezkuntza publikoan, zehazki. Hortaz, zerbitzu publikoak deskapitalizatzen ari dira eta, aldi berean, guk sorturiko aberastasunaren zati gero eta handiagoa zorra ordaintzera bideratzen da. Erabaki politiko bat da, ekonomiaren eta aurrekontuen politika jakin batzuei eusteko dena, eta azken batean kapitalaren interesak gizarte-interesen aurretik lehenesteko asmoz hartu dena. Nafarroako Gobernu berriak politika hauei segida ematen die.

Nafarroan Europako azken postuetan gaude hezkuntzan inbertitzeari dagokionez. 2015eko datuen arabera Nafarroa da Hezkuntzan gutxien inbertitzen duena 28ko EBean, Errumaniarekin batera (BPGaren % 3,2). 2018an Nafarroan gure BPGaren %3,2 inguru inbertitzen jarraitzen dugu (2010ean baino 14 milioi gutxiago), Europako batez bertzekotik urruti (% 4,9), eta are urrutiago UNESCOk gomendatzen duen % 6tik.

Maria Solana Hezkuntzara heldu zenean, 2017an, honela erran zuen: “Hezkuntzan inbertitu behar da, eta lehengo egoerara itzuli”. Adierazpen honek Nafarroako Gobernuak bere Akordio Programatikoan hartutako konpromisoei erantzuten zien. Errealitatea da ez dela gehiago inbertitzen, eta oraindik leheneratu gabeko murrizketak daudela indarrean.

 

Azken proposamenaren edukiak

Azken proposameneko edukiei dagokienez, negoziazioak eta mobilizazioek (hezkuntza publikoko 9 sindikatuok Departamentuak negoziazioak bere kabuz bukatutzat jo zituenean bultzatu genituenak), Gobernua behartu dute egungo egoera hobetzen duten neurri batzuk hartzera. Dena den, neurri hauek partzialki besterik ez dituzte lehengoratzen urteetan zehar ezarritako murrizketak:

  • Irakastorduen murrizketa Haur eta Lehen Hezkuntzan, 2018-2019 ikasturtean. 19,5 ordu emango dira (50 minutuko 23,4 saio). Laguntza eta bikoizketak galduko dira, aniztasunaren arretarako hain baliagarriak diren baliabide hauez ikastetxeak hustuz.
  • Irakastorduen murrizketa gainerako kidegoetan, 2019-2020 ikasturtean. Negoziazioak 2017ko martxoan hasi ziren. Ez da 2018-19an neurria ezartzeko borondate politikorik egon.
  • Gizarte Segurantzako eta Klase Pasiboetako irakasleen erretiro-baldintzak parekatzea, 2019-2020 ikasturtean. Lanaldiaren 1/3a murriztuko da, hurrengo ikasturteetan handituz. Zehaztasuna falta zaio bilakaerari eta egutegiari dagokionez.
  • Interinoei kontratua luzatzea udako hilabeteetara, 2018-2019 ikasturtean. Ikasturte horretan moldatuko dira arauak hori ahalbidetze aldera.

Irakasleen etengabeko prestakuntza / Aniztasuna artatu eta hezkuntza-beharrizan bereziak / Landa-eskoletako eskolatze-ratioak / Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendaritza-taldeendako orduak / Ikastetxeetako ekipamendua eta jardute-gastuak / Lanbide Heziketaren garapena...

 

Azken proposamenak ez ditu lehengoratuko azken urteotako murrizketak

Bestetik, itunak ez die erantzun hezkuntza publikoaren arazo larriei, ezta langileen eskakizunei ere, alde batera utzi baititu hezkuntza publikoko 9 sindikatuok helburu genituen gai nagusi batzuk, murrizketak lehengoratzearen alde eta hezkuntza-kalitatea hobetzearen alde mobilizatu ginen garaikoak. Alde batera uzten ditu ere ELArentzat funtsezkoak diren beste gai batzuk:

  • Ratio txikiagoak. Egungo ratio altuak mantentzen dira.
  • Irakasleen ordezkapenak, 2018-2019 ikasturterako. Ordezkapen irizpideak mahai tekniko batean berraztertuko dira. Zehaztapena falta da. Honek tresnarik gabe uzten gaitu Gobernua berehalako ordezkapenak egitera behartzeko.
  • Plantillen egonkortasuna. Behin-behinekotasuna % 33koa izanik, egungo EPE sistemak ez digu Departamentuak helburu duen % 8ra hurbiltzeko aukerarik ematen. Nafarroako Gobernuak bere hezkuntza konpetentziak defendatu beharko lituzke bere negoziazio mahaietan, erabakitzeko zenbat plaza eta zein oposaketa eredu behar duen. Modu berean, zehaztasuna falta da goi mailako kontserbatorioko plantilla egonkortze aldera eta administrazio publiko desberdinetan lan egitea bateragarri izateko neurrian.
  • Adinagatiko murrizketak. Orain arte norberaren lana egiteko erabili dira. Orain ordea ikastetxearen berezko lanak egiteko ere erabiliko dira.
  • Eroste-ahalmena. Azken urteetan izan dugun % 15eko galeraren ondoren, soldata-baldintzak berreskuratzeko epeak ezarri beharko ziren.

 

Negoziazio kolektiboko eskubidea ez da bermatu

2017ko martxoan hasi ziren hezkuntzaren kalitatea hobetzeko itunaren elkarrizketak. Sektore-mahaiko sindikatuen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko bileretan urtebete eman ondoren, Departamentuak alde bakarretik erabaki zuen joan den hilean alde biko bilerak egitea, eta aipaturiko mahaiko sindikatu batzuekin bakarrik. ELAri ez diote deitu bilera horietara.

Gainera, Departamentuak aurkeztu duen azken proposamen horretan aldaketa bat sartu dute, aurreko zirriborroetan ez zegoena: itunaren jarraipen-batzordearen osaera. Lehen, sektore-mahaian ordezkaritza zuten sindikatuez osatzen zen; orain, ordea, ituna sinatu duten sindikatuetara bakarrik mugatu da parte hartzea, eta ziurrenik sindikatu sinatzaileak bitariko bilerak egin dituzten sindikatu berberak izanen dira.

Jokabide hori eraso larria da askatasun sindikalaren aurka. Sektore-mahaiak eginkizunik gabe uzteko arriskua ere badago, zeren berez negoziazio kolektibokoak diren gaiak itunaren jarraipen-batzordean aztertuko dira. Jarraipen-batzorde horrek berak erabakiko du zein gai eramanen den sektore-mahaira eta zein ez. Azken batean, bai proposatzen duenak, bai sinatzen duenak, xantaia egiten dute (sinatzen ez duena kanpo geratuko da).

 

ELAk Gobernuari eta beste sindikatuei murrizketak lehengoratuko dituen Ituna adostera dei egiten die

ELAren iritziz, itun hori sinatzea eta murrizketak lehengoratzeko beharrezko mobilizazioa bultzatzeari uztea hasierako eskakizunetara hurbiltzeko aukerari uko egitea litzateke. Sindikatuak Gobernua bultzatu behar du langileen antolakuntza eta mobilizazioarekin murrizketa politiken eta zerbitzu publikoen deskapitalizazioaren kontrako aldaketa erreal baterantz. Are argiago, itunean sarturiko hobekuntzak 9 sindikatuok bultzaturiko mobilizazioen ondorioz sartu direla ikustean, eta kontseilariari behin baino gehiagotan murrizketak itunarekin edo itunik gabe lehengoratuko dituela entzun eta gero.

Horregatik guztiagatik ELAk erantzukizunez jokatzeko eskatzen dio Gobernuari eta beste sindikatuei, sektore-mahaiko sindikatu bat ere bazter utzi gabe ganorazko negoziazio bati ekiteko, inbertsio nahikoa mahai gainean jartzeko, eta kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko borondate politikoa eta konpromisoa behingoz agertzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.