2019-07-04 12:49
Zenbait aurrerapauso egon den arren, aurretik UPN eta PSN-k markatutako norabide neoliberalari ez zaio behar bezala aurre egin eta oraindik asko egiteko dago dauden arazoak konpontzeko

ELAk gogor lan egin du lortu diren hobekuntzak lortzeko eta hobetu beharrekoak betearazten saiatzeko (mahai negoziatzaileetan, parlamentuan, zentroetan, kalean…). Lau urte igaro ondoren, hauek izan dira hezkuntzan azken legealdiaren argi-itzalak:

Hobekuntzak: 

- Ikasle-gela ratioak leheneratu dira eta honen ondorioz kontratazio gehiago egin.

- Zuzeneko irakastorduak murriztu dira (ikasketa ertainetako kidegokoak falta dira, 2019-2020).

- Zuzeneko irakastorduen murrizketak adinaren arabera kidego guztietan (2019-2020tik aurrera progresiboki).

- Erretiro-baldintzak parekatzea Gizarte Segurantzako eta Klase Pasiboetako irakasleentzat (2019-2020).

- Interinoen kontratua udako hilabeteetan luzatzea 5´5 hilabete lan eginez gero ikasturtean. 

- Besteak: irakasleen etengabeko prestakuntza, aniztasuna artatu eta hezkuntza-beharrizan bereziak, landa-eskoletako eskolatze-ratioak, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendaritza-taldeentzako orduak, ikastetxeetako ekipamendua eta jardute-gastuak, Lanbide Heziketaren garapena, Skolae programa…

- Hobekuntza hauetako batzuk, Estatu Espainiarrak berak hartutako murrizketen berrezartzea izan dira, Nafarroako Gobernuak Estatukoak hartutako erabakien jarraipena besterik ez du egin. Beste kasu batzutan epaitegiak esandakoa bete du.   

Hobetu edo konpontzeko falta direnak:

- Inbertsioa: Europako muturrean jarraitzen dugu, BPGko %3,1 (2018an). Oraindik 2010 urtean baino 16 milioi azpitik gaude. UNESCO-k %6 gomendatzen du eta Espainiako batazbestekoa %4,1 da. Sindikatu guztiok hezkuntza publikoa finantzatzeko legea eskatu genuen Parlamentuan. Bestetik, Gobernuak modu merkeagoan azpikontratatzen jarraitzen du ikaslegoaren %40aren irakaskuntza (itunpeko sarea). 

- Behin-behinekotasuna: izugarri altua, %28koa (aurtengo EPEa kontuan hartuta). Honek langileen prekaritatea egonkortu du eta iragarritako EPEak oso eskasak dira tasa hori jaisteko.

- EPE masiboak behar dira. Nafarroako Gobernuak interinitate tasa %8ra jaisteko helburua zuen (oraindik 2.400 langile falta dira egonkortzeko), baina orain arte Espainiatik agindu zaiena besterik ez du egin.  

- Interino zerrenden kudeaketa: 51/2018 Foru Aginduaren bitartez EPE eta kontratazio zerrenden arteko binkulazioa mantendu da eta lehentasunezko zerrendak ezarri dira. Honek langile eta zentroen ezegonkortasuna areagotu du.

- Zerrenda integratua: Departamentuak zerrenden segregazioari (hizkuntza, espezialitate eta kidegoa) jarraipena eman dio, berdintasun, gaitasun eta meritu printzipioak urratuz.

- Euskarazko murgiltze eredua bultzatu ikasle elebidunak sortzeko. A eredua ere indartu gutxieneko euskara ezagutza bermatzeko. ELAk Euskararen Lege berri baterako proposamena aurkeztu zuen parlamentuan.

- IIP-PAI: Gobernuak Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programei (PAI) jarraipena eman die, ikasle eta irakasleengan dituen ondorio latzei erreparatu gabe eta autokolonialismo linguistikoa egonkortuz. 50 herri eta 100 zentro baino gehiagotan familiek ez dute beste aukerarik.

- Ratioak: 25 Haur eta Lehen Hezkuntza, 30 DBH, 33 Batxilergoa. Oraindik oso altuak Europakoekin alderatzen baditugu.

- Erosahalmena: irakasleok %15ko eros-ahalmena galdu dugu azken urteotan eta itunean ez dago berreskuratzeko aipamenik ere.

- Lan-osasuna: kaltetua azken urteetan. Gehiegizko lan-karga eta ratio altuek eragin negatiboa izan dute langileen ongizatean, azken 4 urteetako arrisku psiko-sozialen ebaluaketek erakutsi duten bezala. Ez da honetan inbertitu, ez da lehentasuna. 

- Hezkuntza Ituna (2018-2022): eskasa puntu askotan, zehaztu gabea eta memoria ekonomikorik gabe. Horregatik ELAk ez zuen sinatu. Aurreikusi genuen bezala, gobernuak ez du bere hitza bete zenbait neurri eta konpromezuetan (ordezkapen irizpideak, jarraipen batzordearen bilerak, ikasleen lanaldi eta ordutegien berrikustea…)

- Negoziazio kolektiboa: okerrera joan da. Departamentuak alde batera utzi ditu sindikatuak gai garrantzitsuetan (51/208 FA, EPEak, esleipenak…) eta ELA itunaren jarraipen batzordetik baztertu du, eskubide sindikalak urratuz. 

- Nafarroaren eskumenak indartu eta erabili: fiskalitatean eta zerbitzu publikoetan,  Estatutik etorritako politika berzentralizatzaile eta neoliberalei aurre egiteko.

ELAk, beste eragile sozial askorekin batera, bere ekarpen tinkoa egin zuen benetako aldaketa politikoaren alde, eta ondoren hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ildoak markatzen aritu gara. Hezkuntzak berdintasuna, inklusioa, euskararen ezagutza, justizia eta kohesio soziala bermatzen dituen tresna izan behar du. Helburu horren bila jarraituko dugu hurrengo legealdian; langileei eta beste sindikatuei ere mobilizatzeko deia eginez eta osatuko den hurrengo gobernuarekin negoziatzeko prest, beti ere eduki zehatzak eta inbertsioa mahai gainean jartzen badira.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.